Algarak ez du etenik

Urola Kostako Hitza 2020ko ots. 13a, 11:40
Ekain Ibarguren pailazoa Soreasu antzokian. (Anartz Izagirre)

Gure Zirkuarekin Euskal Herri osoan zehar ibili ostean, Alejop! ikuskizuna prestatzen ibili da Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996) pailazoa. Zapatuan antzeztuko du estreinakoz ikuskizun berria, Soreasu antzokian.

Jaioterrian estreinatuko du Ekain Ibargurenek bere ikuskizun berria. Ekaintxou emanaldiarekin hainbat herri igaro ostean, Alejop! ikuskizuna taularatuko du pailazo azpeitiarrak larunbatean, Soreasu antzokian. Ibargurenek dio gorputzak "ikuskizun berri bat" eskatzen ziola, eta hortik sortu dela Alejop!: "Esketx laburrak eta desberdinak izango dira ikuskizun berrian, baina Ekaintxouren formatu berbera izango du. Publikoarekin jolasak egingo ditut, baita eskujokoak ere".

Lehen emanaldia herrian egitea zer den galdetuta, azpeitiarrak dio ez diola gehiegi eragiten: "Kontua ez da herrian antzeztu edo ez, zerbait desberdina egiteak jartzen nau urduri". Bestalde, azpeitiarrak "okerrago" pasatzen du kamerinoan, agertokian baino: "Jendaurrera ateratzen zarenean ez dago atzera bueltarik, 500 pertsonaren aurrean lasaiago egoten naiz kamerinoan bakarrik baino". Dena den, Ibargurenek ez du ukatu Soreasuk kikiltzen ez duenik: "Familia eta lagunak bertan egongo diren arren, Soreasu oso handia da eta munstro horretan antzezteak errespestua ematen dit".

Ibargurenen hirugarren bakarkako ikuskizuna izango da Alejop!. Ekaintxouren ostean Ekain eta ekainkeriak emanaldia prestatu zuen pailazoak, baina emanaldia ez zela "bideragarria" ikusi zuen: "Ekain eta ekainkeriak ikuskizunarekin gertatu zitzaidana da Soreasu antzokirako bideragarria zela, tekniko bat nuelako laguntzen, baina, adibidez, ez zen egokia Aizarnako plazarako". Hori dela eta, pare bat emanaldi egin ostean, utzi egin zion ikuskizun hori taularatzeari.

"Erreferenteetatik abiatuta" sortu du pailazo azpeitiarrak Alejop! ikuskizuna: "Ikusten duzu garai bateko pailazoek zer egiten zuten, eta hortik ideia batzuk hartzen dituzu". Ibargurenek dio hainbat ikastaro ere egin izan duela, baina ez dela horien zalea: "Moduak eta moduak daude lan egiteko, eta bata edo bestea gustatu ahal zaizu. Ni neu ez naiz ikastaroen oso aldekoa, ez naiz eroso sentitu horietan", azaldu du. Txiki-txikitatik izan du Ibargurenek pailazo munduarekiko interesa, gogoan du amari pailazo izan nahi zuela esaten zion garaia: "Amari esaten nion handitan Porrotx bezalakoa izatea nahi nuela, eta hark esaten zidan ikasteko lehenik, eta gero egingo nuela nahi nuena". Urteak igaro ahala, Ibargurenen pailazo izateko grina ez zen eten, ordea: "Telebistan ikusten nituen zirkuko pailazoak, gero Charlie Rivel pailazoa ezagutu nuen, eta Charlie Chaplinen filmak ere ikusten nituen", dio pailazo azpeitiarrak.

Irakurri erreportajea osorik Urola Kostako Hitzaren webgunean.