Alaia Juaristi: "Zailena psikologikoki indartsu egotea da"

Uztarria.eus 2020ko ots. 29a, 11:02

Gaztea izanagatik, hainbat lorpen bereganatu du Alaia Juaristik iraupen eskian. Euskadiko bi txapel jantzita, atzerriko lehiak ditu jomugan orain. Hari elkarrizketa egin dio Ihintza Elustondo kazetariak 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Ez da geldirik egoteko jaioa Alaia Juaristi. Goizero, eskolara; arratsaldean, kirola; batzuetan, ingelesa; eta beste batzuetan, banda. Egutegi bete-betea du azpeitiar gazteak, baina denerako denbora ateratzen du nola edo hala. Baina bada maite-maitea duen beste kontu bat: iraupen eskia. Ondo baino hobeto moldatzen da horretan, gainera: Baqueira Bereten (Herrialde Katalanak), Iraupen eskiko Euskadiko bi txapel jantzi berri ditu, 16 urtez azpikoen mailan.

Pozik egongo zara, ezta?

Bai. Denoi gustatzen zaigu lan egin ostean sariak eskuratzea.

Patinatzaile estiloan eta estilo klasikoan eskuratu dituzu txapel horiek. Zer alde dago bataren eta bestearen artean?

Patinatzaile estiloaren kasuan, patinatzen ariko bagina bezala egiten dugu kirola, baina eskiekin. Estilo klasikoan, berriz, korrika bezala egiten dugu, baina pauso luzeak emanda. Kirol bera da, baina bi modalitate dira.

Rollerskia ere egiten duzu. Hori udan, ezta?

Bai, hori da. Elurrik ez dagoenean, errepidean ibiltzen gara, gurpilen gainean. Iraupen eskia hala egiten da: elurra dagoenean, elurretan; eta udan, rollerskia.

Bi txapel janzteaz gain, 16 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin aritzeko txartela ere lortu zenuen Baqueira Bereten, eta iraupen eskiko Skiri Trophy nazioarteko txapelketan parte hartu zenuen  urtarrilaren 19an, Italian. Zer moduz joan zen?

Oso gaizki. Modalitate asko daude iraupen eskian, eta normalean, 30 segundoko diferentziarekin-eta ateratzen gara kirolariak, erlojuaren kontra aritzeko. Baina kasu hartan, lehiakide guztiak batera atera ginen, masa batean. Guztira, 40 kale zeuden, eta zozketa egitean, Espainiako selekzioari erdi-erdiko kalea tokatu zitzaion. Ondorioz, bi aldeetan lehiakide pila bat nituen. Dena den, hogei metro egin ostean, kirolariek aukera zuten beste kaleetan sartzeko, eta une hori iritsi zenean, neska bat nire aurretik igaro zen, eta haren gainera erori nintzen; atzekoa nire gainera erori zen, haren atzekoa haren gainera... Jende pila bat erori ginen, eta nik ezin nuen jaiki. Jaiki nintzenerako gutxi batzuk baino ez ginen gelditzen atzean, denak aurrera joanda zeuden ordurako. Lasterketa, bestela, ondo egin nuen, erritmoa nahiko ondo mantendu nuen. Baina hasierako erorketa hark denean eragin zidan, eta oso zaila zen egoera horretan aurkariak aurreratzea.

Proba nahi bezain ondo joan ez arren, asteburua Italian pasatzeko aukera izango zenuen.

Aste horretako asteartean Jakara [Espainia] joan nintzen; asteazkenean, La Seu d’Urgellen [Herrialde Katalanak] geldialdia egin genuen; eta ostegun goizean abiatu ginen Italiara. Berez, hamazazpi ordu-edo pasatu behar genituen furgonetan, baina galduta ibili ginenez, azkenean hemezortzi-hemeretzi egin genituen.

Furgonetan egin zenuten bidaia?

Bai, eta egia esan, nahiko gogorra izan zen.

Esperientzia probatzeko balio izan dizu, behintzat.

Bai, eta asko ikasi dut. Italiako txapelketan parte hartu zuen euskaldun bakarra nintzen, nire gainontzeko taldekide guztiak katalanak ziren. Haiek taktika ezberdinak erabiltzen dituzte entrenatzeko, eta asko ikasi dut haiengandik.

Tolosako (Gipuzkoa) Uzturre klubarekin eta Neguko Kirolen Euskal Selekzioarekin lehiatzen zara. Noiz eta non entrenatzen duzu?

Astearteetan eta ostegunetan Tolosara joan behar izaten dut, baina astearteetan ezin izaten dut, ingelesa izaten dudalako. Horregatik, ostegunetan bakarrik joaten naiz, eta larunbatetan eta igandeetan, taldekide denok elkarrekin entrenatzen dugu, Jakan.

Denboraldiak irauten duen bitartean, astebururo Jakara joaten al zara?

Bai, eta elurrik ez baldin badago, beste nonbaitera; Baqueira Beretera, esaterako. Baina, normalean, Jakara joaten gara. Horrez gain, astegunetan, egunero, neure kasa entrenatzen dut. Tolosan rollerskia egiten dut, eta Azpeitian, neure kabuz aritzen naiz: astean behin edo bitan gimnasiora joaten naiz, eta gimnasiora joaten naizen egunetan igeri ere egiten dut. Korrika ere egiten dut, patinetan ere ibiltzen naiz, eta euririk ari ez duenean, rollerskia egiten dut Lasao inguruan.

 

 

Zer gaitasun behar dira iraupen eskian ondo moldatzeko?

Indar eta hauspo handia behar dira. Horregatik, asteazkenetan, ingelesera joan aurretik, mendi buelta bat egitera joan ohi naiz normalean. Mendira joatea ona da hauspoa lantzeko.

Eskolak arratsaldeko bostak arte izango dituzu, ezta?

Bai, hori da txarrena. Astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, 17:00etan eskolatik atera eta ordubeteko tartea bakarrik izaten dut, ondoren ingelesera joaten naizelako. Eta gauetan, bandako entseguak izaten ditut. Horregatik, egun horietan, honela antolatzen naiz: entrenatu, ingelesera joan eta berriro entrenatzen dut. Bi zatitan banatzen dut entrenamendua. Asteazkenetan 16:30ean ateratzen naiz eskolatik, eta horregatik joaten naiz mendira egun horretan, korrika egitera.

Hainbeste kirolekin, ez al zara aspertzen?

Izaten ditut kirola egiteko betere gogorik ez dudan egunak. Oso gogo gutxi baldin badaukat, ez naiz joaten; izan ere, azkenean, nazka hartzen diozu kirolari. Halakoetan, hobe da ez joatea; eta bi egunera, berriro sekulako gogoa izaten dut.

Azpeitiarren artean ez da oso ohikoa iraupen eskia praktikatzea.  Gehienek eski alpinoa edo snowboarda praktikatzen dute inguruotan. Nondik datorkizu zuri afizioa?

Bai, egia esan, oso arraroa da iraupen eskian aritzea. Tolosan-eta jende gehiagok praktikatzen du kirol hori, baina hemen ez. Kontua da nire gurasoak gaztetan joaten zirela iraupen eskia egitera, eta ni jaio nintzenean utzi egin zutela. Dena den, nik 8 urte nituenean, Gabonetako opor batzuetan iraupen eskia egitera joatea otu zitzaien. Jakan Mayencos izeneko talde bat dago, eta talde horretan apuntatu ninduten, kirola probatzeko. Lehengusuarekin probatu nuen bi astez, eta gustatu egin zitzaidan. Horregatik segitu nuen, eta lau urte-edo pasatu nituen Mayencos taldearekin. Gero, taldez aldatu nintzen, Tolosako Uzturrera. Izan ere, Jakako taldeak neguko hiru hilabetetan soilik eskaintzen zituen entrenamenduak, eta Tolosakoak urte osoan ematen du aukera hori; jarraikorragoa da.

Eski alpinoa egiteko ohiturarik ba al duzu?

Lesioak izateko arriskua dela eta, iraupen eskiaren denboraldian zehar ez digute uzten eski alpinoa egiten. Denboraldia bukatzen denean joaten gara tarteka, baina ez zait asko gusatzen. Egun batean edo bitan ibiltzeko bai, baina denbora gehiagoz aritzen banaiz aspertu egiten naiz.

Iaz, bitan izan zinen Espainiako txapeldun: 16 urtez azpikoen iraupen eskiko Espainiako txapela jantzi zenuen neguan, eta rollerskiko txapela, berriz, udan. Aurten, zer helburu jarri diozu zeure buruari? Gauza bera errepikatzea nahiko zenuke?

Gauza bera errepikatzea gustatuko litzaidakeen arren, aurten beste helburu bat jarri diot neure buruari. Espainiako txapelketetan bakarrik zentratu beharrean, handik kanpoko lasterketetan parte hartzea nahiko nuke. Kanpora joateko, baina, Espainiako selekzioak hautatu beharko ninduke. Lehengo urtean ezin izan nuen joan, beharrezko puntuetara iristen ez nintzelako, eta aurten hori lortzea nahiko nuke. OPA Europako Kopa izeneko lasterketa bat dut buruan, urtero leku ezberdinetan jokatzen dena. Espainiako Kopa lehen bi postuetan amaitzen dutenak sailkatzen dira lehia horretara, eta horra sailkatzea nahiko nuke. Gainera, junior mailako mundiala ere aurten jokatuko dute, eta han parte hartzea ere gustatuko litzaidake. Atzerrira joatea da aurtengo nire helburu nagusia. Hala eta guztiz, Espainiako txapelketan ere onena ematen ahaleginduko naiz.

Zer da zailena eskiatzerakoan?

Psikologikoki indartsu egotea. Normalean, lasterketak bost kilometrokoak-eta izaten dira, eta distantzia hori, berez, ez da oso luzea. Hamabost-hogei minutu ingurukoak izaten dira probak, baina lasterketa guztietan egoten da lurra jotzen duzun momentu bat eta gehiago ezin duzula sentitzen duzuna. Agian, zure aurkaririk handiena ondo doala edo bere atzetik zoazela ohartzen zara, eta buruak momentu batean esaten dizu: "Ezin duzu gehiago". Horri buelta ematea kostatu egiten da, baina behin buelta ematen diozunean, kito. Azkenean, ez du irabazten teknika onena duenak, gehien sufritzen duenak baizik, gehien saiatzen denak. Zeure dena ematea eta erregulatzea da zailena.

Zein da zure ametsik handiena?

Ez dakit. Hemendik urte batzuetara Espainiako selekzioak deialdian sartzea nahiko nuke; hori da orain arte buruan izan dudana. Baina Espainiako selekzioak Batxilergoko lehen edo bigarren mailan aukeratzen ez bazaitu, oso zaila da geroago egitea, ikasketak eta kirola uztartzea zaila bihurtzen delako. Baina Batxilergoko lehen mailan hartzen bazaituzte, bigarren maila bi urtetan edo distantziara egiteko aukera ematen dizute; lagundu egiten dizute ikasketekin. Eta hori oso ondo dago. Baina egia esan, ez daukat argi zer nahi dudan. Izan ere, Espainiako selekzioan sartuta ere, zenbat urte iraungo nuke talde horretan? Iruditzen zait urte askoan gauza bera egiten nazkatu egingo nintzatekeela. Beldurra ematen dit kirol honekin nazkatzeak.

Momentuan momentukoa, beraz.

Bai, orain gustura nago, eta momentuaz gozatu nahi dut. Gero gerokoak.