Itxi ezin diren zauriak

Uztarria.eus | Politika
2020ko ots. 13a, 11:41

Gaur, otsailak 13, Torturaren Aurkako Eguna da Euskal Herrian. 2020ko otsaileko Uztarria aldizkarian, 1960. eta 2017. urteen artean baina hamarkada desberdinetan torturak jasan zituzten hiru herritarren lekukotzak jaso dituzte Maialen Etxaniz eta Julene Frantzesena kazetariek erreportaje honetan.

Torturaren Aurkako Eguna da otsailaren 13a Euskal Herrian; izan ere, Espainiako Poliziaren eskuetan zela, torturak jasan ostean hil zen Joxe Arregi 1981eko egun horretan.

Milaka dira motibo politikoz poliziaren tortura psikologikoak nahiz fisikoak jasan dituzten euskal herritarrak; Azpeitian, esaterako, 97 tortura kasu dokumentatu ditu Aranzadi zientzia elkarteak 1960. eta 2017. urteen artean.

Torturak pairatu dituzten herritar batzuekin jarri da harremanetan Uztarria, haien testigantzak jasotzeko asmoz, eta honako hiru herritar hauek orain urte batzuk bizi izan zituztenak ekarri dituzte gogora.

Jexux Arrizabalaga: "Publiko egin zen lehen tortura salaketa izan zen gurea"

Jaioturtea. 1947. urtea.

Jaiolekua. Azpeitia.

Tortura mota. Psikologikoa eta fisikoa.

Data. 1968. urtea.

"Garain hartan, beste asko bezala, ETAn sartu nintzen; propagandaren ardura nuen. 20 urte nituen 68an, eta frankismoa bizi-bizirik zegoen. ETAk ordura arte ez zuen inor hil; ez zuen heriotzarekin lotutako ekintzarik gauzatu. Lagun batzuekin Azpeititik Tolosara nindoala, Bentaundiko bidegurutzean zuten kontrolean gelditu gintuzten guardia zibilek, eta paperak atzeman zizkiguten. Atxilotuta, Tolosako kuartel zaharrera eraman gintuzten, eta han berehala hasi zitzaizkigun galderak egiten eta kolpeak ematen. Donostiako komandantziatik beren buruari 'txakurra' deitzen zioten guardia zibil kuadrilla bat etorri zen Tolosara. Guardia zibil haiek torturatzaileak ziren.

Gurpila deitzen zaion teknika egiten hasi zitzaizkidan: muturrekoak, zaplastekoak, ostikoak... ematen zizkidan batak eta besteak, nire bueltan jarrita. Denbora pasatuta, gauean, Donostiara eraman ninduten. Han jarraitu egin zuten torturek; are gehiago, handienak han jasan nituen. Batez ere, gogorrena izan zen barrabiletan ostikoak eman izana. Eskuak lotuta nituen aurrealdean, baina eskuek traba egiten zietelako eta kolpeak hobeto emateko, atzean lotu zizkidaten. Horrela ari zirela, konortea galdu eta lurrean gelditu nintzen. Hurrengo goizean esnatu nintzen lurrean. Egun hartan galdeketekin segitu zuten, eta hiru egun pasatuta, Martutenera eraman ninduten, beste lagun batzuekin batera. Haietako bati ere ikaragarriak egin zizkioten: tximetatik heldu eta hatzaparkada ilea zuztarretik kendu zioten; burua soilduta utzi zioten.

Orduko gotzain baten iloba zen torturak jasan zituen nire lagun hura, eta apezpiku hark esan zigun gertatutakoa kontatzeko. Martutenen ginela, gertatutakoa azaldu genien hara joan ziren hiru gotzaini. Ondoren, haiek gutun bat kaleratu zuten gertatu zitzaiguna azalduz. Publiko egin zen lehen tortura salaketa izan zen hura, eta poliziak haserretu egin ziren. Laguna eta biok Martutenetik atera eta komisaldegira eraman gintuzten; jipoiak jaso genituen. Hala eta guztiz, ni ez nintzen izan torturatu zuten lehen azpeitiarra; adibidez, EGIkoa izateagatik izugarrizko torturak jasan zituen Andoni Albizurik bost egunez, lehenago.

Hiru hilabete Martutenen pasatuta, kalera atera ginen, eta hilabete baino lehen, ETAk Meliton Manzanas hil zuen. Orduan, salbuespen egoera ezarri zuten Gipuzkoan, eta fitxatuta geunden denok berriz ere Martutenera sartu gintuzten. Handik deserrira eraman gintuzten, eta Kordobako [Espainia] herri batean bost hilabete pasatu ostean, Francoren amnistietako bat tarteko, Azpeitira itzuli nintzen.

Bizitza guztirako ondorio fisikoak eta psikologikoak utzi dizkit torturatu izanak. Iltzatuta gelditzen dira, betirako. Ondorio fisikoak ere izan ditut, eta ezinezkoa da gertatutakoa ahaztea. Propaganda edukitzeagatik atxilotu eta torturatu gintuzten, baina epaiketa atzeratu eta bere horretan gelditu zen kontua. Zama, ordea, bizitza osorako gelditu zaigu.

Ez da batere erraza torturaz hitz egitea, eta ezagutzen dut torturatu egin zutela aitortu nahi ez duen jendea. Izan ere, gogorra da torturak jasan ostean ahaztea, baita gogoraraztea ere. Ez da samurra horrekin bizitzea".

Joxe Ramon Arrieta: "Probatu nituen poltsa, bainera, muturrekoak..."

Jaioturtea. 1959. urtea.

Jaiolekua. Azpeitia.

Tortura mota. Psikologikoa eta fisikoa.

Data. 1980. eta 1982. urteak.

"Bi alditan atxilotu ninduten, eta bi aldi horietan jasan nituen torturak, 1980an eta 1982an, hain zuzen. 1980an Espainiako Polizia Nazionalak hartu ninduen atxilo. Azpeitian atxilotu ninduten, eta Gobernu Zibilera eraman ninduten. Zazpi egun igaro nituen han atxikita, eta tortura fisikoak zein psikologikoak jasan nituen. 1982an atxilotu ninduten bigarrengoz; orduko hartan, Guardia Zibila etorri zen nire bila. Orduan ere Azpeitian atxilotu ninduten, gurasoen etxean nintzela, goizaldean. Donostiako Antiguako kuartelera eraman ninduten, eta han ere tratu txar fisikoak eta psikologikoak pairatu nituen. Bi kasuetan libre gelditu nintzen; aurreneko aldian fidantza ordainduta, eta bigarrengoan epaileak horrela erabakita.

Sasoi hartan, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako militantea nintzen. Azpeitian jardun politikoa bizi-bizirik zegoen: mugimendu asanblearioa, Laia Ez mugimendua, Gerraundiren sorrera, Komando Autonomo Antikapitalistak... Testuinguru horretan, nik Amnistiaren Aldeko Batzordeetan militatzen nuen, eta han nituen zereginak. Urte haietan indarra zuten Amnistiaren Aldeko Batzordeek, eta polizien jopuntuan egon ziren denbora luzez. Horren ondorioz, asko izan ginen atxilotu gintuzten militanteak. Garai hartan, edozer gauzagatik terrorismoaren aurkako legea ezartzen zuten poliziek, eta atxilotuek zazpi edo bederatzi egun igaro behar izaten zituzten espetxean. Aurreneko lau-bost egunetan egurra ematen zuten poliziek, eta atxilo zeudenek mehatxuak eta denetariko tratu txarrak jasan behar izaten zituzten. Gainerako hiruzpalau egunak torturen ondorioz irekitako zauriak sendatzeko izaten ziren. Dena den, oso esperientzia desberdinak bizi nituen urte batean eta bestean.

Dudarik gabe, 1982koa izan zen gogorrena. Guardia zibilek begiz jo ninduten, txarrerako. Interesatzen zitzaien informazioa neukala pentsatzen zuten, baina oker zebiltzan. Dena den, nire aurka jo zuten lehenengo unetik, eta izugarrizko tratu txarrak jasan nituen. Orduan probatu nituen bainera, poltsa, muturrekoak, ostikoak...

Bainerarekin hasi ziren ni egurtzen. Urez betetako ontzi batean sartu zuten nire burua hiru lagunen artean, eta nahieran mugitu ninduten, itotzeraino, kasik. Poltsarekin pasatu nuen gaizkien. Poltsaren barruko haizea agortzen joaten zen pixkanaka, eta plastikoa aurpegira itsasten... Oso sentipen txarra zen, itogarria, eta ezinegona eragiten zuena. Beste behin, arropa kendu eta biluzik utzi ninduten; horrek eragiten duen amorrua ezin da adierazi. Ahul zaude polizien aurrean, haien menpeko zara, eta ez dakizu zer etor daitekeen gero, beraien eskuetan baitzaude. Beste tratu txar batzuk ere jasan nituen. Behin, eskuburdinak jarri eta lurrera bota ninduten. Jarraian, barra bat pasatu zidaten hanka tartetik. Ondoren, zintzilik ipini ninduten hanka hutsik. Goma moduko zerbaitekin jotzen zidaten hanketan, eta aurreneko kolpeak jasangarriak baziren ere, denborarekin hankak minberatu egiten zitzaizkidan, eta min izugarria sentitzen nuen. Jasangaitza zen amaierarako. Ziegaren albo batean makurtuta egotera ere derrigortzen ninduten. Horman zegoen burdin batean lotzen zizkidaten eskuak, eta ezin nuen une bakar batez eserita egon. Nekagarria zen, eta hori zen beraien helburua, ni leher eginda uztea. Era askotako kolpeak jasan nituen. Sekula ez dut ahaztuko guardia zibil batek nola egurtzen ninduen: saihetsetan jotzen ninduen beti, etengabe, beti leku berean, behin eta berriz, jarraikortasunez. Azkenerako, fisurak eragin zizkidan saihetsetan. Horrek hainbat kalte utzi zituen nire gorputzean, orain dela gutxira arte begien bistakoak izan diren kalteak.

 

 

1982ko atxilo aldia pasarte polit batekin bukatu nuen, eta hori ere ekarri nahi nuke gogora, istorioaren alderik politena horixe baita. Gutxien espero genuenean utzi ninduten libre, eta bakarrik nengoen auzitegian, ez senitartekorik, ez lagunik... Madrilen nengoen, eta ez nuen etxera bueltatzeko autobusa ordaintzeko dirurik. Atotxako geltokira joan eta autobus bat hartzeko ilara batean jarri nintzen, zer egin nezakeen pentsatu bitartean. Bi emakume solasean ari ziren, eta haietako bati euskarazko hitz bat entzun nion. Han joan nintzen bi emakume haiengana, gertatu zitzaidana kontatu eta laguntza eskatzera. Ez ninduten ezagutzen, ez zekiten nor nintzen, espetxean egon nintzela eta torturak jasan nituela besterik ez. Eta hala ere etxera itzultzen lagundu zidaten bi emakume haiek. Hotelera eraman ninduten, eta han garbitzeko eta atontzeko aukera eman zidaten. Hori ez ezik, Euskal Herrira itzultzeko autobuseko txartela erosi zidaten. Tolosakoak ziren bi emakume haiek, eta urte batzuen buruan berriro jarri nintzen harremanetan haiekin. Gerora zertxobait gehiago jakin nuen haien inguruan. Ziurrenik ez ziren nire pentsaera berekoak, baina laguntzeko prest agertu ziren lehen unetik.

Urteak aurrera doazen moduan, gure bizitzak ere aldatzen doaz; etapak itxi eta berriak irekitzen ditugu. Zenbait gauza, ordea, sekula ez dira ahazten. Komunikabideetan-eta torturei lotutako gertakariak bistaratzen direnean, zerbait mugitzen zait barrenean, tortura lehen pertsonan ezagutu nuelako. Horrelakoek erakusten digute gertatutakoa, urrun egonagatik, gertu senti daitekeela zenbaitetan. Gertatutakoa eta bizitakoa hor dago, buruko nebulosa batean edo. Denborarekin zehaztasunak ahaztu egiten dira, baina kontakizuna osatzerakoan, nahi gabe, gogora etortzen dira berriro. Gaur-gaurkoz, torturaz hitz egiteak ez dit logurea kenduko, baina mesede ere ez dit egiten, ez baita erraza bizitakoa berriro gogora ekartzea. Bi alaba ditut, eta haiekin hitz egin izan dut gaiaz. Jakin egin nahi dute, eta nik beraiek jakin dezaten nahi dut. Horregatik, etengabeko borroka da hau: bizitakoa ahaztu egin nahi duzu, baina aldi berean, oroitu ere bai, ingurukoei azalpenak emateko.

Orain, lasai konta ditzaket kontu hauek, baina sekula ez dut ahazten amaiera okerragoa izan zitekeela. Izan ere, ezin ahantz dezakegu torturen ondorioz jende asko hil dela Euskal Herrian".

Unai Lizaso: "Torturak jasan ostean bizitza aldatzen zaizu"

Jaioturtea. 1975. urtea.

Jaiolekua. Zestoa.

Tortura mota. Psikologikoa eta fisikoa.

Data. 2005. urtea

"Azpeitian bizi nintzen 2005eko otsailean, atxilotu nindutenean. Etxera nindoan goizean goiz; autoa aparkatu nuen, eta giltza kentzerako gainean nituen lau bat lagun. Polizia nazionalak ziren, eta atxilotuta nengoela oihu egiten zidaten. Shock egoeran gelditu nintzen. Mendi aldera eraman ninduten, baina ez dakit ziur nora, burua jaitsita mugitu baininduten lekuz.

Handik Donostiara eraman ninduten, baita auzi medikuarengana ere. Hari esan nion ostiko bat eman zidatela mendian, baina gainerakoan tratua balekoa izan zela. Han gertatutakoaren ordena zehatza ez dakit; izan ere, joera dut gauza txarrak ahazteko. Gela zikin batera eraman ninduten aurrena, eta gero polizia zientifikoarengana. Gero galdeketa egin zidaten, eta ondoren, Azpeitira eraman ninduten, etxea erregistratzera.

Madrilera handik. Lau pertsonarekin egin nuen bidaia. Horietako batek esaten zidan hitz egiten ez banuen ikusiko nuela, hobe nuela hitz egitea... Bidaia oso gogorra izan zen, batez ere, atzeko ilarako erdiko eserlekuan behera begira egin nuelako bide guztia. Eta hitz egiten zidan polizia hark zaplastekoren bat eman zidan ez nuelako txintik esaten.

Festa Madrilen hasi zen. Ez nekien ez nora iritsi nintzen, ez zer ordu zen. Bakar-bakarrik nengoen, auskalo zer komisaldegitan. Iritsi eta minutu gutxira hasi zen lehen galdeketa. Oroitzen dudanez, eskolako aulki berde baten modukoan jarri ninduten, eta zorua ere berdea zela uste dut. Nire aurrean jarri zen polizia bat, eta autoan hitz egin zidana aldamenean. Galderak egin zizkidaten. Aurrean nuen gizonak usain berezia zuela ere akordatzen naiz. Segundo batzuetan lurrean nengoen, kolpeak jasotzen, iletik tiraka nituen. Gizon hura torturatzaile profesionala zen; bazekien nola jo. Lehen galdeketa hura shocka izan zen.

Zeldara eraman ninduten segidan; ez nekien goiza edo gaua zen. Janariarekin kontuz ibiltzeko entzuna nuenez, ez nuen jaten. Zaratak entzuten nituen. Herioan nengoen, dardarka. Noiz etorriko ziren beldurrez; izan ere, geroago berriz ere etorriko zirela esan zidaten.

Beste bi galdeketa ere oso markatuta dauzkat. Lehenengo aldian kolpeak eman zizkidan gizon berarekin izan zen horietako bat. Betiko lau poliziak ziren, eta usain berezia zuen torturatzaile profesionala sartu zen atetik 'Gabon zoriontsuak' oihukatzen. Orduan hasi zen dinbi-danba, betiko galderak tarteko. Ezintasunetik, une batean gogor samar erantzun nien poliziei, eta batek barrabiletatik heldu eta beste hirurek gainera saltatu zidaten.

Alderdi emozionalarekin jokatzen dute, baina hori nahiko ondo eraman nuen. Esan zidaten nire bikotekide zena atxilotuta zegoela, ez dakit nork hitz egin egin zuela... baina banekien joko horretan ezin nuela erori. Poliziek ez jotzeko zer egin nezakeen pentsatzeak sortu zidan eragin psikologiko handiena: istorio bat asmatu nuen denbora irabazteko eta bakean uztea lortzeko, baina alferrikakoa da. Izan ere, denboraren kontrola beraiek dute, eta zurrunbilo batean sartzen zara.

Mediku forentsea eta ofizioko abokatua etorri ziren gero. Biei esan nien jo egin nindutela, burua handi-handi eginda nuela sentitzen nuela eta kaskarreko mina neukala. Mediku hark Gelocatil bat hartzeko esan zidan. Ikaragarria da denak bat eginda nola dauden ikustea, han ez dizute laguntzen inolaz ere. Horregatik eta sartzen duten beldurragatik eta mehatxuengatik, jendea ez da ausartzen ezer esatera; eta hori ere zilegi da, noski.

Hiru egun pasatu nituen Madrilen. Azken kolpe festaren ostean, gehiago ez ninduten jo, baina saiatu ziren mehatxu bidez hondoratzen. Gero, Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. Egun hartan Jarrai-Haika-Segi auzi saioa egiten ari ziren, eta haiek ikusteak indarra eman zidan. Gainera, lehen aldiz jan egin nuen, nirekin batera atxilotu zuten eta ezagutu ere egiten ez nuen mutil bat ere han zen... Inkomunikazioa altxatu zidaten, eta Baltasar Garzonengana eraman ninduten. Zer moduzko tratua jaso nuen galdetu zidan, eta 'erdizuzena' erantzun nion. Izan ere, handik alde egitea nahi nuen. Egin zidatena kontatu eta kolpeak ezkutatu arte espetxeratzeko aukera hor zegoen.

Aske utzi eta Azpeitira iristean, anbulatoriora joan nintzen. Hango medikuak egindako txostena tortura kasu gisa izapidetu zuten buruan eta begi ondoan nituen kolpeengatik, eta gerora Madrilera joan behar izan nuen tortura kasuengatik testigantza ematera. Kasua ezerezean gelditu zen. Epaiketarik ere ez nuen izan; ez zegoen frogarik, eta bere horretan utzi zuten. Tramitezko deklarazioa egin behar izan nuen Fernando Grande Marlaskaren aurrean, baina hor bukatu zen.

Dena den, oroimenean grabatuta gelditzen dira, ahotsak, usainak... Torturatu osteko lehen hilabeteetan eta urteetan beldurra sentitzen nuen, denera begira ibiltzen nintzen, torturatzaileak non ikusiko. Eta horrexegatik ezagutu ditut poliziak behin baino gehiagotan.

Gazte mugimenduan militatutakoa nintzen, eta banekien atxilotzea posible zela, baina torturak jasan ostean bizitza aldatzen zaizu. Une askotan beldurra sentitzen duzu, edozer egiteko gai direlako. Denborarekin, egoera normaltzen da, nahiz eta une jakin batzuetan gertatutakoa gogoratzen duzun eta dena mugitzen zaizun. Hala eta guztiz, izugarrizko joera dut gauza txarrak edo ez hain onak ahazteko; eta horrek ere lagundu dit aurrera egiten".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu