Gipuzkoako Automobilismo Txapelketak hainbat sari utzi du herrian

Uztarria.eus 2020ko ots. 11a, 11:42

Gipuzkoako Automobilismo Federazioak 2019ko sariak banatu zituen joan den larunbatean Donostiako Xanti jatetxean, eta hainbat sari jaso dute Azpeitiko pilotuek. Sarituen artean dira Iokin Agirre, Iñaki Aiertza, Arantzazu Araneta, Joseba Bikendi, Joxe Labaka, Jon Arregi, Igor Arriaran eta Aratz Aizpuru azpeitiarrak.

Hainbat kategoriatan sailkatuta banatu zituzten 2019ko Gipuzkoako Automobilismo Txapelketako sariak. Rallyen kategorian, pilotu onenaren saria jaso zuen Iokin Agirrek, eta bigarren onenarena Iñaki Aiertzak; kopilotuetan, berriz, Arantzazu Aranetarentzat izan zen bigarren saria. Klaseei dagokienez, bosgarren klaseari dagokion saria jaso zuten Iokin Agirrek eta Arantzazu Aranetak, eta seigarren klaseari dagokiona Iñaki Aiertzak eta Joseba Bikendik.

Rallysprinten kategorian, Jokin Aiertzak bigarren pilotu onenaren izendapena jaso zuen. Era berean, Joseba Bikendi hirugarren kopilotu onena izendatu zuten. Klaseei dagokienez, hirugarren klaseko saria jaso zuten Jon Arregik eta Igor Arriaranek, eta seigarren klaseko saria berriz, Jokin Aiertzak eta Joseba Bikendik. Formula librean, Aratz Aizpuruk eskuratu zuen lehen postua, Iker Zinkunegi errezildarra lagun duela.

Mendiko probetan, turismoen kategorian, Joxe Labaka sailkatu zen bigarren. Era berean, bosgarren klaseari dagokion saria ere eskuratu zuen Labakak.