Azpeitiko taldeak garaile izan dira xakeko Kutxa Ligaren bosgarren jardunaldian

Uztarria.eus | Kirolak
2020ko ots. 10a, 10:35

Gipuzkoako Taldekako Txapelketa den lehia horretan, Domusa-Azpeitia Ak Elkanori irabazi zion Getarian, eta Domusa-Azpeitia B taldeak Beasaingo Alfil C taldeari irabazi zion, Azpeitian. Bi taldeak bigarrenak dira, hurrenez hurren, Bigarren eta Hirugarren mailetako sailkapenetan.

Baigera I-en jokatutako partidak. (Xaputarrak)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Xaputarrak klubeko bi taldeak garaile izan dira asteburuan xakeko Kutxa Ligan (Gipuzkoako Taldekako Txapelketa). Txapelketaren bosgarren jardunaldian, Getarian lehiatu ziren Domusa-Azpeitia A taldekoak eta etxean aritu ziren Domusa-Azpeitia B taldekoak, eta emaitza ona lortu zuten biek.

Kutxa Ligaren Bigarren Mailan, Domusa-Azpeitia Akoek 1,5-2,5 irabazi zieten Elkano getariarrei; Eneko Alberdik eta Miguel Angel Gomezek irabazi egin zituzten beren neurketak, Patxi Isasmendik berdinketa lortu zuen, eta Jose Andres Perezek galdu egin zuen. Hirugarren Mailan, berriz, Domusa-Azpeitia B 3-1 nagusitu zitzaion Beasaingo Alfil C taldeari; Aitor Elustondok, Iñaki Urangak eta Juan Carlos Fernandezek irabazi egin zuten, eta Alberto Urkiak galdu.

Bosgarren jardunaldia osatuta, beren mailetako sailkapenetan bigarren postuan daude Azpeitiko bi taldeak. Zapatuan jokatuko dituzte seigarren jardunaldiko partidak: Bigarren Mailako taldeak Zarauzko Ciriondo.com taldea hartuko du Baigerako laugarren solairuan, 16:00etan; eta Hirugarren Mailakoak Arrasatera joango dira, Arlutz D taldearen aurka jokatzera.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu