Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalean izango da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2020ko ots. 9a, 19:15
Mikel Larrañaga.

Jon Rekondorekin batera, gaur lortu du txartela, Beasainen Ruben Saralegiren eta Eneko Otañoren kontrako saioan nagusituta. Azpeitian jokatuko da txapelketaren finala, martxoaren 7an.

Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalerako hirugarren eta azken txartela lortu dute gaur Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Jon Rekondo leitzarrak. Beasainen jokatu dute sailkapen fasearen seigarren eta azken jardunaldia, Ruben Saralegiren eta Eneko Otañoren kontra. Gaurkoa irabazten zuen bikotearentzat izango zen finalerako pasea, eta Larrañaga eta Rekondo nagusitu dira azkenean, lehia estuaren ondoren.

Azpeitian, Izarraitz pilotalekuan, jokatuko da txapelketaren finala, martxoaren 7an. Hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak bertan: gaur sailkatu diren Larrañagak eta Rekondok, Iker Vicentek eta Jesus Mari Mujikak, eta Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak.