'Zauria(k)' dokumentalaren emanaldia eta solasaldia izango dira bihar, Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2020ko ots. 12a, 09:30
'Zauria(k)' dokumentalaren une bat.

Eromena, gaizki egotearen sentipena eta osasun mentala ikuspegi feministatik lantzen dituen ikus-entzunezkoa da Zauria(k). 18:30ean hasiko da emanaldia, eta ondoren, solasaldia izango da Iker Oiz eta Maier Irigoien zuzendariekin.

Duela urtebete estreinatu zen dokumental bat emango dute bihar, osteguna, Emakumeen Txokoan: Zauria(k) izenekoa, hain zuzen ere. Eromena, gaizki egotearen sentipena eta osasun mentala ikuspegi feministatik lantzen dituen ikus-entzunezkoa da hori. Sufrimendu psikosoziala, genero bizipenak eta 9 emakumeren errealitateak barne hartzen ditu lanak. "Izendatzen ez dena ez delako ikusten, eta ikusten ez dena ez delako existitzen", diote sustatzaileek.

Dokumentala ikusteaz gain, lanaren hiru zuzendarietako birekin hitz egiteko aukera ere izango dute bihar Emakumeen Txokora joaten direnek. Iker Oiz eta Maier Irigoien dira Azpeitian izango diren zuzendariak, eta besteak beste, zaurgarritasunaz, zaintzaz, gaizki sentitzeaz, kolektiboaz eta generoaz ariko dira solasean. 18:30ean hasiko da emanaldia.

Hona hemen, Zauria(k) lanaren trailerra: