Azpeitia hasi da II. Euskaraldirako prestatzen

Uztarria.eus 2020ko ots. 6a, 16:46

Datorren udazkenean, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 5era, egingo da II. Euskaraldia, euskaraz "gehiago, gehiagorekin, gehiagotan" egiteko helburuarekin. 2018ko lehen Euskaraldiak 11 egun iraun bazituen, bigarren edizioan luzexeagoa izango da, hamabost egunekoa, berriro ere euskaldunon hizkuntza ohituretan eragitera datorren ekimena. Iraupena ez da izango, ordea, aurreko edizioarekiko berrikuntza bakarra. Lehen edizioan norbanakoak izan ziren protagonista, hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. II. Euskaraldian mantendu egingo dira norbanakoen rol horiek, baina horrekin batera taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek, horretarako sortuko dituzten ariguneetan.

Azpeitian hasiak dira II. Euskaraldiak nahi bezalako emaitzak izan ditzan beharrezkoa den aurreko lanketa egiten. Hain zuzen ere, atzo arratsaldean egin zuten Euskaraldia antolatzeko herri batzordea osatzeko lehen bilera. 2018an batzorde berean parte hartu zuten hainbat eragilek eta norbanakok parte hartu zuten bilera horretan, baina batzordearen ateak irekita daude bertan parte hartu nahi duen edonorentzat. Udalak Imanol Amiano izendatu du Azpeitian Euskaraldiarekin lotutako egitasmoak koordinatzeko arduradun, eta bideo honetan azaldu ditu Amianok II. Euskaraldiaren gakoak eta herri batzordeak izango dituen eginkizunak.