Azoka Plazaren bigarren urteurrena ospatzeko, azoka berezia eta dastaketak izango dira larunbatean

Uztarria.eus 2020ko ots. 6a, 12:37
Azoka Plazaren talde sustatzaileetako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Azoka Plazak bi urte bete ditu aste honetan, eta urteurren hori ospatzeko, azoka berezia egingo dute larunbatean, goiz osoan zehar, Azoka Plazan bertan. 11:00etatik aurrera, aurkezpenak eta dastaketak izango dira.

Aste honetan bi urte bete dira Azoka Plaza berritua eta osatua inauguratu zutenetik. Urteurren hori dela eta, azoka berezia antolatu dute larunbaterako, otsailak 8, Azoka Plazaren sustatzaileek. Egun horretan, inguruko ekoizleen azoka izango da goiz osoan zehar, Azoka Plazan bertan, eta 11:00etatik aurrera, aurkezpenak eta dastaketak egingo dituzte.

Azoka Plaza proiektuaren barruan saretutako ekoizleek hainbat produktu berri sortu eta merkaturatu dituzte bi urteotan. Larunbatean produktu horiek ezagutarazteko eta nola egiten diren azaltzeko aurkezpenak egingo dituzte ekoizleek, eta dastaketarako aukera ere izango dute bertaratzen diren herritarrek. Gurina, zabaltzeko gazta, zukuak, ardi jogurta, marmelada eta eztia nola egiten dituzten ikusteko aukera izango da, besteak beste.

"Bertako produktuen erreferente"

Azoka Plaza lehengora itzuli eta bertako produktuen plaza bilakatu zen duela bi urte. Ordutik, sasoiko eta bertako barazkiak nahiz bestelako produktuak eskuratu nahi dituztenek horretarako aukera dute Azoka Plazan. Udalak azaldu duenez, "bertako produktuen erreferente" bilakatu da gunea. Izan ere, inguruko baserritarrek modu jasangarrian ekoitzitako sasoiko eta kalitatezko elikagaien plaza bilakatu da eraikina.

Azpeitiko Udala, Urkome landa garapen elkartea, Elikaguneko Artxara kooperatiba eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa fakultatea dira egitasmoaren talde bultzatzaileak, eta iaz, pauso bat aurrera ematera ausartu zien horiek. Hain zuzen ere, filosofia hori herriko jangeletara zabaltzen hasteko proiektua aurkeztu zuten: Azoka Plaza 2.0. Modu horretan, Azoka Plazan aurki daitezkeen produktuak herriko jangeletara eramaten dituzte. Helburua jangela kolektiboetan ere bertako produktuekin egindako menuak osatzea da.