San Martin egoitzako langileei elkartasuna adieraziz mozioa onartu du udalak

Uztarria.eus 2020ko ots. 5a, 17:35

Atzoko udalbatzarrean bozkatu zuten mozioa EH Bilduren botoekin onartu zuten; eta EAJ abstenitu egin zen. Adinekoen herriko egoitzako langileek ere hartu zuten hitza; uneotan bizi duten lan gatazkan beren eskaera nagusia "lan baldintzak hobetzea" dela azpimarratu zuten.

San Martin egoitzako langileen egoera landu zuen atzo Azpeitiko Udalak, otsaileko ohiko udalbatzarrean bozkatu zuten mozio baten bidez. Adinekoen Azpeitiko egoitzako ELA sindikatuko langileen eskaerari erantzunez aurkeztu eta onartu zuten mozio hori, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileek lan hitzarmena berritzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskatuz aspaldiko hilabeteetan daramaten borroka aipatzen du sarreran onartutako mozioak, elkartasuna adierazten die "lan baldintza eta zaintza hobetzearen alde borrokan" ari diren langileei, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegiten dio lan gatazka konpontzeko eta horren ondorioak zuzentzeko "urratsak egin" ditzan. Hau da mozioaren testu osoa:

"Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileek lau urtetik gora daramate lan hitzarmenik gabe eta lan baldintzetan hobekuntzarik izan gabe. Ondorioz, greba eta mobilizazioetan murgilduta daude lan-baldintza eta zaintza hobetzearen alde.

Behar-beharrezkoa da egoitzetan eta egoitza hauek kudeatzeko ereduan pertsonak lehenestea eta zaintzaren kalitate duina bermatzea. Pertsonak lehenesten direnean, erabiltzaile eta langileak ere zaintzen dira, ezin daiteke gauza bat ulertu bestea gabe.

Horregatik, premiazkoa da langileen ordezkariak diren sindikatuak eta sektoreko patronala negoziazioetan murgiltzea, akordiorako borondatearekin garatuko den negoziazio fase berri bat zabalduz. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak negoziazioa sustatu eta balizko akordioaren ondorioak ahalbidetu behar lituzke. Izan ere, zerbitzuaren %90 Foru Aldundiak finantzatzen du.

Zaintza lanena sektore feminizatua da, langileen %98 emakumeak dira. Gehienbat gizonenak diren beste sektore azpikontratatuen aldean, 6.000 euro gordineko soldata arrakala dutela kalkulatzen da.

Zalantzarik gabe, guzti honek ondorio kaltegarriak ditu egoiliarrek jasotzen duten arretan. Kalitatezko zerbitzua bermatu behar da, horretarako behar den pertsonala kontratatuz.

Eskaerak

1. Azpeitiko Udalak bere kezka adierazten du adinekoentzako eguneko zentro eta egoitzetako lan gatazkan dagoen blokeoagatik.

2. Azpeitiko Udalak elkartasuna agertzen die lan baldintza eta zaintza hobetzearen alde borrokan ari diren Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langile guztiei, eta modu berezian San Martin egoitzan lan egiten dutenei.

3. Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio lan gatazka hau epe laburrean konpontzeko ardura hartzea eta helburu hori lortzeko beharrezko urratsak egitea.

4. Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio greba egiten ari diren egoitzetan eman gabe geratu diren zerbitzuen zati proportzionala egoiliarren ahaideei itzultzea".

"Mozioan egiten diren eskaera batzuekin ados ez" daudela adierazi zuen Amaia Etxeberria EAJren udal taldearen bozeramaileak, eta horregatik erabaki zutela abstenitzea. "Kezka" adierazi zuten EAJkoek, egoitzetako eta eguneko zentroetako lan gatazka luzatzeak "zerbitzua gauzatzerakoan erabiltzaileen eta horien senitartekoen artean eragin ditzakeen gorabeherak" direla eta. Jeltzaleek ere "elkartasuna" adierazi zieten borrokan ari diren San Martin egoitzako langileei, eta bi eskaera jarri zituzten mahai gainean: inplikatuta dauden "sindikatuetako eta patronaleko eragile guztiei gatazka amaituko duen akordio bat bilatzeko" eskatu zieten; eta aldundiari, berriz, greba egiten ari diren zentroetan "ezarritako gutxieneko zerbitzuen kalitatea betetzen dela bermatzea", ikuskaritza bidez.

Langileak, udalbatzarrean

"Ulertzen dugu zuen egoera, baina espero dugu ere zuek ulertzea gure jarrera", esan zien Etxeberriak udalbatzarrera joan ziren San Martineko langileen ordezkariei.

Bizi duten lan gatazkan beren eskaera nagusia "lan baldintzak hobetzea" dela azpimarratu zuen osoko bilkuran hitza hartu zuen egoitzako langileak. "Aiton-amona bakoitzarentzako egunean ordu eta erdi izanda, ezin da", laburbildu zuen beren eguneroko ezina; "denbora gehiago eta lanpostu gehiago" behar dituztela nabarmendu zuen, egoiliarrei "behar bezalako" zerbitzua eskaini ahal izateko. Egungo lan baldintza eta erritmoaren ondorioak azaltzeko, gaur egun San Martingo "hamabost langile bajan" daudela azaldu zuen, "eta beste batzuk tira eta tira, agoantatu eta agoantatu". Lan hitzarmena berritu gabe, 2017tik soldata berarekin ari dira lanean egoitzako langileak. Patronalaren jarrera kritikatuta, aldundiak lan gatazka horretan duen ardura nabarmendu zuen San Martineko langileak, eta foru erakundeak gatazkaren konponketan "bai ala bai parte hartu" behar duela aldarrikatu.