Iaz 140 herritarrek jo zuten Kirol Orientazio Zerbitzura

Uztarria.eus 2020ko ots. 4a, 12:27

Zerbitzura jo zuten herritarren gehiengoa osasun arrazoiak tarteko bideratu zuten Kirol Orientazio Zerbitzura (KOZ). Igerilekuan nahiz anbulatorioan eskaintzen dute zerbitzua, eta herritarrak hainbat lekutatik bideratzen dituzte horietara, hala nola anbulatoriotik, udaleko Gizarte Zerbitzuetatatik nahiz ikastetxeetatik. KOZ 2017ko azaroan jarri zuten martxan, eta orain arteko bidearen balorazio positiboa egin dute haren sustatzaileek.

Kirol Orientazio Zerbitzua (KOZ) martxan da Azpeitian 2017ko azaroaz geroztik. Lehenik, igerilekuan hasi ziren jarduera fisikoa egiten hasi nahi duten herritarrei aholkularitza zerbitzua eskaintzen, eta handik urtebetera, 2018ko azaroan, anbulatorioan ere ekin zioten zerbitzu hori emateari. Joan zen astean, iazko jardunaren balorazioa egin zuten KOZarekin lotura duten eragileetako ordezkariek, eta hainbat datu plazaratu dituzte horiek: 2018aren hondarrean eta 2019an 140 herritarrek jo zutela zerbitzura, adibidez. Erabiltzaile horietatik 92 izan ziren emakumeak, eta 48 gizonak.

Herritarrak hainbat lekutatik bideratzen dituzte Kirol Orientazio Zerbitzura, hala nola anbulatoriotik, udaleko Gizarte Zerbitzuetatatik nahiz ikastetxeetatik. Iaz zerbitzuaz baliatu ziren erabiltzaile gehienak, %48, anbulatoriotik bideratu zituzten –67 lagun–; %21 Gizarte Zerbitzuetatik –29 lagun–; %4 ikastetxeetatik –6 lagun–; eta %27 –38 lagun– beren kasa joan ziren hitzordura. Batez ere, obesitate (24 kasu), hipertentsio (19 kasu) eta diabetes (16 kasu) arazoengatik bideratu zituzten herritarrak zerbitzura.

Adinari dagokionez, zerbitzua erabili zuten herritar gehienak 50 eta 70 urte bitartekoak izan ziren: 0 eta 10 urte artekoak, %4; 10 eta 20 urte artekoak, %9; 20 eta 30 urte artekoak, %7; 30 eta 40 urte bitartekoak, %8; 40 eta 50 urte bitartekoak, %11; 50 eta 60 urte bitartekoak, %25; 60 eta 70 urte artekoak, %25; eta 70 nahiz 80 urte artekoak, %16.

Anbulatoriotik Kirol Orientazio Zerbitzura bideratutako lagunen %73 emakumeak izan ziren, eta %27 gizonak. Gainera, zerbitzura jende gehien bideratu duten hilabeteak azaroa eta maiatza izan ziren. Dena den, anbulatorioan hitzordua jarri zioten herritarren %20 ez ziren lehen zitara joan, eta lehen saiora joandakoetatik %6 ez ziren bigarren hitzordura agertu.

KOZen sustatzaileak oro har "gustura" dira zerbitzuak izan duen erantzunarekin, eta egindako bidearen balorazio "positiboa" egin dute. "Helburua da 2020an ere hazten jarraitzea eta proiektu berrietan murgiltzea", azaldu dute.