Euskaraldiaren bigarren ediziorako Herri Batzordea osatzeko batzarra egingo dute asteazkenean

Uztarria.eus 2020ko ots. 3a, 15:47

Baigera Ien egingo dute bilkura, 18:30ean hasita. Bertan, azaroan egitekoak diren II. Euskaraldiaren inguruko azalpenak emango dituzte, eta aurrera begirako asmoak izango dituzte hizpide. 

Datorren asteazkenean, otsailaren 5ean, aurtengo Euskaraldia antolatzeko Herri Batzordea osatzeko bilera irekia egingo dute Baigera I-n, 18:30etik 20:00etara bitartean. Bertan, egitasmoaren orain arteko ibilbidearen nondik norakoak azalduko dituzte. Horrez gain, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango den Euskaraldiaren bigarren edizioaren inguruko zenbait azalpen emango dituzte, eta aurrera begirako asmoak jakinaraziko dituzte.

Euskaraldiaren aurreneko edizioa “erabat arrakastatsua” izan zela adierazi du Azpeitiko Udalak: “Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herritan bezala, Azpeitiko herriak gogo biziz ekin zion ekimenari, bai antolaketa-prozesuan, bai azaroan burutu zen ariketan bertan ere. Guztira, 2.800 azpeitiarrek hartu zuten parte Euskaraldian. Bada zerbait. Izan ere, euskararen aldeko herritarron elkarlan eta hauspoari esker jarraitzen dugu bidea egiten”.  Dena den, bidea “arnas luzekoa” dela azpimarratu du erakundeak, eta adierazi du helburua “aurrerapausoak ematen eta inertziak aldatzen jarraitzea” dela.

Euskaraldiaren bigarren ediziorako erronka nagusi bat du Azpeitiko Udalak, eta horrela azaldu du: “Aurtengoan ere ahobizi eta belarriprestok izango gara ekimenaren funts, sare eta lokarri, baina 2020 honetan erronka berria dugu: euskaraldia herriko erakunde, kultur eta kirol elkarte, soziedade, denda eta lantegietako txoko guztietara hedatzea”.         Euskararen alde lanean jarraitzeak duen garrantziaz ere mintzatu da erakundea: “Zorionez, herri euskalduna dugu Azpeitia, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik hainbat ohitura eta ekintza aldatzeko tarterik. Erdaraz aritzeko joerek hor diraute, eta horiek astindu beharra dugu”