Isolamendu arazoei irtenbidea emateko, leihoak aldatu dituzte Karmelo Etxegarai Ikastolan

Uztarria.eus 2020ko ots. 3a, 10:16

Isolamendu arazoei irtenbidea emateko, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Perdillegiko eraikinean leihoak aldatu ditu udalak. Erakundeak azaldu duenez, neurri hori hartuta, isolamendua hobetzeaz gain, energia kontsumoa murriztea ere aurreikusten du. "Iaz, Euskal Herria auzuneko eraikineko leihoak aldatu genituen, eta orain Perdilegiko eraikinaren txanda izan da. Azken urteotan, elkarlanean hainbat konponketa eta berrikuntza egiten ari gara. Leihoen berrikuntza ikastetxerako eta bertako haurrentzako ezinbestekoa zela iruditu zitzaigun, eta bi fasetan bi eraikinetakoak aldatu ditugu", azaldu du Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak.

Leihoak aldatzeaz gain, eraikineko hainbat gela eta espazio ireki ere pintatu dituztela jakinarazi du udalak. Obraren aurrekontua 165.580 eurokoa izan da, eta Aluminios Azpeitiak egin ditu lanok leihaketa publikoa irabazi ostean. Udalak, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak emandako dirulaguntza bat eskuratu du obra finantzatzeko. Goenagak azaldu duenez, udalari dagokio eraikin horien mantenu lanak egitea, eta inbertsioetarako bide bat zabaldu dutela adierazi du. "Aurrera begira, beste hainbat hobekuntza egiteko lanketa hasi dugu".

Camino Saiz Karmelo Etxegarai Ikastolako zuzendaria "gustura" agertu da egindako lanekin: "Oso gustura gaude egin diren hobekuntzekin; izan ere, denbora generaman udalari inbertsioak egin beharra zegoela esaten". Leihoen aldaketa gogora ekarrita, energia aurreztea ere izan du hizpide zuzendariak: "Martxan dugun Euronet 50/50 proiektua gauzatuz energia aurreztea espero dugu".