Argia sarien zati handi bat, Azpeiti aldera

Uztarria.eus 2020ko urt. 31a, 18:34

Gaur banatu dituzte 2020ko Argia sariak. Euskarazko komunikazioan nabarmendutako ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa-idatzia, Interneteko proiektuak eta sustapen kanpainak saritzen ditu urtero Argia-k, eta horrela egin du aurten ere. Sari horien zati handi bat iritsiko da Azpeitira eta Azkoitira. Izan ere,  Azpeitiko Elkar-ekin taldea, Azkoitiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrin saioa, Gure Zirkua ikuskizuna eta Egunean Behin jokoa dira 2020ko Argia sarietan aipamena jaso duten batzuk. Proiektu horien guztien atzean daude Azpeitiko eta Azkoitiko herritarrak. 

Merezimenduzko Argia saria Gure Zirkuarentzat izan da. Ekain Ibarguren artista azpeitiarra da Gure Zirkuako protagonistetako bat, eta gaurko sari banaketan egon ezin izan den arren, Ibargurenena ere bada 2020ko Merezimenduzko Argia sariaren zati bat. Kanpaina onenaren Argia saria apustu etxeen aurkako kolektiboentzat izan da, eta kolektibo horien artean dago Azpeitiko Elkar-ekin taldea. Elkar-ekineko kide Ainara Pie de Hierro izan da sari banaketan, eta harekin batera jaso dute saria Gasteizko, Iruñerriko eta Bilboko apustu etxeen kontrako eragileetako zenbait kidek. Irratiko Argia saria Azkoitiko Matadeiko Kontrako Eztarrixe irratiko Hankak Lurrin irratsaioarentzat izan da. Sari banaketan izan dira Iñaki Segurola Ogrue azpeitiarra eta Xabier Arenaza Mamo. Interneteko Argia Saria, berriz, Egunean Behin aplikazioarentzat izan da, eta Josu Azpillaga azpeitiarrak jaso du saria. Codexintaseko kidea eta aplikazioaren sortzaileetako bat da Azpillaga. 

(Argazkia: Argia)