Lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko aldarria kalera atera dute ehunka lagunek

Uztarria.eus 2020ko urt. 30a, 20:46

Azpeitiko Greba Batzordeak 18:00etarako zuen deituta eguneko azken mobilizazioa: manifestazioa. Eguneko hitzordurik arrakastatsuena izan da; izan ere, ehunka lagunek egin dute bat protestarekin. Plazan hasi eta bukatu dute manifestazioa, eta lan, bizitza eta pentsio duinen aldeko aldarriak herriko hainbat txokotara eraman dituzte herritarrek. Ekitaldia kioskoan egin dute, eta Amaia Agirretxe eta Miren Odriozola Greba Batzordeko kideek hartu dute hitza. Ondoren, Azpeitian bizi den Horacio izeneko txiletarrak El pueblo unido kanta abestu du gitarraz lagunduta.

Uztarria.eus-ek Odriozolarekin eta Agirretxerekin hitz egin du manifestazioa bukatzean, eta grebak herrian izan duen erantzunarekin gustura agertu dira biak ala biak: "Balorazio positiboa egiten dugu; ia herri guztia gelditu da". Horrez gain, grebarekin bizitzak erdigunean jartzeko apustua egin dutela adierazi du Agirretxek: "Arrazoiak sobera genituen, gaurko egunean islatu da. Herria ia itxita ikusi dugu, eta hori ditugun ezinegon guztien adierazlea da".

Hona hemen, arratsaldeko manifestazioko irudiak: