Egunean Behin

Parte hartu Egunean Behin jokoko Uztarriaren taldean, eta irabazi sariak astero

Uztarria.eus 2020ko ots. 1a, 10:01

Uztarriak Egunean Behin jokoko taldea osatu du. Astelehenean hasiko da denboraldi berria, eta martxoaren 29ra arte izango da martxan. Asteko puntuazio onena eskuratzen duen herritarrak Txintxu gozotegian gosari bat irabaziko du. Astero banatuko du saria Uztarriak.

Astelehenean, otsailaren 3arekin, hasiko da Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia. Aurreko bi denboraldietan izugarrizko arrakasta izan du Codesyntax enpresak garatutako jokoak, eta Uztarriak pausoa eman eta Azpeitiko taldea osatzea erabaki du.

Egunean Behin aplikazioa Google Play edo App Store plataformetatik deskargatu behar da. Aplikazioaren behealdean kokatzen den Taldeak atalean, (+) ikurra zapaldu, giltzari klikatu eta C6BB98 kodea sartu behar da; UZTARRIA (Azpeitia) izeneko taldera batzea lortuko du erabiltzaileak orduan. Jokoa astelehenean hasiko bada ere, taldera batzeko aukera dago jada.

Izenak dioen moduan, egunean behin jokatu daiteke sakelako telefonorako egindako aplikazioan. Hamar galdera erantzun behar dituzte erabiltzaileek ahalik eta denbora laburrenean, eta puntuazioaren arabera, astero sariak banatzen dituzte jokoaren sustatzaileek. Izan ere, astekakoa izaten da sailkapena, astelehenetik igandera bitartean lortutako emaitzen araberakoa.

Uztarriak ere sari berezi bat jarri du logika horri segituta. Hain zuzen ere, astea sailkapenaren buruan bukatzen duen lehiakideak Txintxu gozotegian gosari bat irabaziko du. Gosari hori astero-astero banatuko du Uztarriak, Txintxu gozotegiari esker.