Greba orokorrarekin bat eginez, Azpeitian ere planto egiteko prest

Uztarria.eus 2020ko urt. 29a, 14:46

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biharko deitu duen greba orokorrak eraginak izango ditu Azpeitiko hainbat enpresetan, ikastetxetan eta zenbait zerbitzutan. Langile ugarik egingo dituzte lanuzteak lantegietan. Autobus linea batzuetan bertan behera utziko dituzte zenbait zerbitzu, eta, besteak beste, igerilekuko, liburutegiko eta ludoteketako ateak ere itxita izango dira egun osoan zehar. Azpeitiko Greba Batzordeak hainbat ekintza eta mobilizazio antolatu ditu biharko. 

Lan, pentsio eta bizitza duinak aldarri hartuta, greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak biharko. Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta eragile sozial ugarik babestu dute urtarrilaren 30erako deitutako greba, eta Azpeitian ere asko dira deialdiarekin bat egin duten eragileak, norbanakoak eta lantegiak. Horrenbestez, greba orokorrak eraginak izango ditu hainbat enpresetan, ikastetxetan eta zenbait zerbitzutan. Autobus linea batzuetan ere eragina izango du biharko grebak.   

Enpresak eta ikastetxeak

Azpeitiko Greba Batzordeak jakinarazi duenez, honako hauek dira bozketa bidez lanuztea egitea erabaki duten enpresen eta ikastetxeen zerrenda:

  • Astigarraga Kit Line
  • Glual Hidraulica
  • Glual Energy
  • Arimar
  • Areka
  • Talleres Arrieta 
  • Biele
  • Corrugados Lasao
  • Diatec
  • Goienetxe fundazioa
  • Juaristi
  • Kimu bat
  • Kulturaz kooperatiba
  • Lan Mobel
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberri
  • Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai
  • Ormola
  • Urola Erdiko Mankomunitatea
  • Urola Ikastola
  • Sammic

Iraurgi Ikastetxean normaltasunez eskainiko dituzte eskolak. Urolan, Karmelo Etxegarain eta Ikasberrin irakasleen gehiengoak greba egingo duen arren, eskolak eskainiko dituzte zenbait mailetan.

Hainbat zerbitzu, bertan behera

Enpresetan ez ezik, greba orokorrak eragina izango du zerbitzuen arloan. Uztarriak jakin ahal izan duenez, honako zerbitzu hauetan ere lanuzteak egin eta ateak itxiko dituzte. 

  • Iturritxiki ludoteka
  • Txiki Txoko ludoteka
  • Gazte Informazio Bulegoa 
  • Gaztelekua
  • Emakumeen Txokoa
  • Elikagunea
  • Kiroldegia
  • Liburutegia

Urola Erdiko Mankomunitateko zerbitzuak ere bertan behera geldituko dira. Mankomunitateko langileek bat egin dute greba deialdiarekin, eta hori dela eta, Azpeitiko eta Azkoitiko garbiguneak itxita egongo dira bihar. Horrenbestez, egunean zehar ez dute hondakinik jasoko. Beraz, herritarren edukiontzietako nahiz saltokietako eta industriaguneetako hondakinak jaso gabe geldituko dira.

Bertan merkatari elkarteko Zuzendaritza Batzordeak ere bat egin du greba orokorrarekin. Dena den, merkatari elkarteak azaldu du saltokietako arduradunek erabakiko dutela biharko egunez zer egin: "Dendari bakoitzak du bere saltokiaren gainean azken hitza, eta elkartearen erabakia gomendio moduan ulertu behar da". 

AZTE tabernarien elkarteak ez du erabaki bateraturik hartu, baina taberna gehienak itxita egongo direla jakinarazi dute tabernariek.  

La Guipuzkoana autobus enpresak jakinarazi duenez, autobus linea batzuetan ere eragina izango du greba orokorrak. Hain zuzen, bertan behera geldituko dira Azpeitia-Donostia (UK01) lineako, Azpeitia-Errezil (UK02) lineako eta Azpeitia-Santutxo (UK04) lineako zerbitzu hauek: 

Urtarrilaren 30eko Azpeitiko egitaraua

Hona hemen Azpeitiko Greba Batzordeak hilaren 30erako prestatutako mobilizazioen eta ekintzen egitaraua, osorik:

07:00etan, kotxe karabana kiroldegitik hasita. 

09:00etan, manifestazioa, Azpeitiko plazatik abiatuta. 

11:15ean autoz Donostiara joateko hitzordua, Azoka Plaza atzetik.

16:00etan, zaintza lanetan aritzen diren emakume migranteekin kafe tertulia, Azoka Plazan. 

18:00etan, manifestazioa, plazatik hasita. 

Zaintza zerbitzua

Greba Batzordeko kideek zaintza gunea jarriko dute bihar Azoka Plazan, "ume zein helduen zaintzaz arduratzen direnek ere egitasmoetan parte hartu ahal dezaten". Zaintza zerbitzua erabili nahi dutenei aurrez izena emateko eskatu diete, gutxieneko zerbitzua emateko zenbat kide beharko diren jakiteko. Goizeko zaintza zerbitzua 06:45ean hasiko da, eta 11:00-11:30ean bukatu, 07:00etarako kontxe karabanara joan eta 09:00etako manifestazioan parte hartu nahi dutenentzat. Arratsaldean martxan jarriko dute berriro. 16:00etan Azoka Plazan kafe tertulia izango de arren, nahi edo behar duenarentzat zaintza zerbitzua eskainiko dute, 16:00etatik 18:00etara arte. 

Atxikimenduak greba orokorrari

Greba Batzordea osatzen duten herriko eragileez gain, greba babestu dute pentsiodunen talde batekAzpeitiko ELA eta LAB sindikatuetako langileen ordezkariekAzpeitiko Udalak, Urola Kostako EH Bilduk eta Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak. Horiez gain, asko izan dira greba babestu duten norbanakoak, eta greba babesteko nahiz herritarrak mobilizatzera deitzeko argazki jendetsua atera zuten joan zen astean Azoka Plazan.

Azpeitiko EAJk aldiz, ez du greba orokorra babestu. Izan ere, Azpeitiko jeltzaleei biharko greba ez zaie "ez egokia, ez beharrezkoa" iruditzen.