Matxinbentan etzi hasiko dira ospatzen Santa Ageda festak

Uztarria.eus 2020ko urt. 29a, 10:13
Aurten ere santa eskean ibiliko dira Matxinbentakoak otsailaren 4an.

Gaur zortzi bitartean, bost eguneko jai egitaraua prestatu dute festa batzordekoek, otsailaren 4ko santa eskea barne. Larunbateko bertso afarirako txartelak salgai dituzte Beko Tabernan.

Etzi, urtarrilaren azken egunarekin, hasiko dituzte aurten Santa Ageda festak Matxinbentan. Bost eguneko egitaraua osatu du hango festa batzordeak. Asteburu honetan, ostiraletik igandera, pilatu dituzte hitzordurik gehienak, azken txanpa Santa Ageda bezperarako (asteartea) eta egunerako (asteazkena) utzita.

Aurreko urteetako egitura eta osagai beretsuak izango dituzte aurten ere santagedek Matxinbentan, baina badira antolatzaileek nabarmendu nahi izan dituzten aldaketak eta apustuak ere. Horrela, larunbat arratsalderako umeei zuzenduta prestatu dituzten ekintzen barruan, azken urteetako pailazo ikuskizunaren lekukoa hartuko du magiak, Iago Magoren eskutik. Igande eguerdirako, berriz, herri kirol jaialdi deigarria prestatu dute, puntako aizkolariekin eta harri-jasotzaileekin. Horien guztien buru izango da Iker Vicente aizkolari txapelduna.

Larunbatera itzulita, Agin Labururekin eta Beñat Lizasorekin egingo duten bertso afarirako txartelak salgai dituzte Beko Tabernan; hango 943-88 63 15 telefono zenbakira deitu behar da, txartelak eskuratzeko. Lidia eta Xabier Etxaniz trikitilariek girotuko dute afalondoa.

Santa eskea, ezinbestean

Asteburu betearen osteko astelehena atsedenerako hartuta, asteartean itzuliko dira festara matxinbentarrak. Otsailaren 4a izaki, eta aspaldiko usadioari hutsik egin gabe, santa eskean ibiliko dira auzotarrak 08:30-09:00 aldetik iluntzeraino, Matxinbenta eta Lasao arteko kale, auzo eta baserriak koplekin eta bertsoekin girotuz. Horretan lagun izango dituzte aurten ere Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe errezildarra eta Jon Gurrutxaga Gurru azpeitiarra, bertsotan, eta Laja eta Izer soinujoleak ere bai. Matxinbentara itzuli eta afaldu ondoren, erromeriarekin jarraituko dute Beko Tabernan.

Biharamonean, Santa Ageda egunez, agurtuko dituzte jaiak, mezarekin, jubilatuentzako hamaiketakoarekin eta bazkariarekin.