Khamarrek eskerrak eman dizkie janari bilketan parte hartu duten herritar guztiei

Uztarria.eus 2020ko urt. 28a, 18:09
Duela pare bat aste egin zuten janari bilketako irudi bat.

Joan zen urtarrilaren 11n egin zuten elikagaien bilketa herrian, eta herritarrek erantzun "ezin hobea" eman zutela esan du elkarteak. Khamarreko kideek azaldu dutenez, elikagaiak ez ezik, ospitaleetarako oinarrizko materiala, motxilak, arropa, eskolarako mantalak nahiz liburutegietarako materiala ere bidali dituzte errefuxiatuen kanpamenduetara aurten. Udalari, Elkar-ekini nahiz liburutegiko kideei ere eskerrak eman dizkie elkarteak.

Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko Khamar elkarteak eskerrak eman dizkie errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketan parte hartu duten herritar guztiei. Urtarrilaren 11n egin zuten elikagaien bilketa herriko BM eta Eroski saltokietan, eta herritarrek emandako erantzuna "ezin hobea" izan dela adierazi dute Khamarreko kideek. "Saharar herriak bizi duen bidegabekeriaren ondorioz, Tindufeko kanpamenduetan bizi diren 150.000 pertsonentzat bizirauteko ezinbestekoa giza laguntza dira bidaltzen dizkiegun elikagaiak", azaldu dute. "Mila esker, beraz, zuen aletxoa jarri duzuen herritar guztiei eta herriko ikastetxeei, janari bilketan laguntzeagatik".

Dena den, Khamarreko kideek azaldu dutenez, aurten, elikagaiak ez ezik, ospitaleetarako oinarrizko materiala, motxilak, arropa, eskolarako mantalak nahiz liburutegietarako materiala ere bidali dituzte errefuxiatuen kanpamenduetara. "Azpeitiko Udalaren dirulaguntzari nahiz Elkar-ekin taldekoek zein liburutegikoek eskainitako laguntzari esker bidali ahal izan dugu materiala", azaldu dute.