Iruña-Veleia Argitu plataformak deitutako elkarretaratzera joateko autobusa antolatu dute

Uztarria.eus 2020ko urt. 28a, 16:18

Otsailaren 3an hasiko da Iruña-Veleia auziko epaiketa, eta hori dela eta, elkarretaratzea izango da larunbatean, Gasteizen, Iruña-Veleia Argitu plataformak deituta. Bertara joateko autobusa antolatu du Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak.

Datorren astelehenean, otsailaren 3an, hasiko da Iruña-Veleia auziko epaiketa, Arabako Auzitegiko 1. Zigor aretoan. Hori dela eta, larunbatean, otsailak 1, beste ekintza batzuen artean, kontzentrazioa izango da Gasteizko epaitegiaren aurrean, Iruña-Veleia Argitu plataformak deituta. Zientziarik gabe, justiziarik ez lelopean egingo dute protesta. 13:00etan hasiko da elkarretaratzea, eta bertara joan nahi duten herritarrentzat autobusa izango da Azpeititik. Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak antolatu du ibilgailua, eta 11:00etan abiatuko da anbulatorioaren aurretik. Interesatuek honako telefono zenbakira deitu behar dute, ostiral eguerdia baino lehen: 679 58 52 29.

Datorren astean, hitzaldia

Gai berari lotuta, Iruña-Veleia auziko gertakariak argitzeko helburuarekin, hitzaldia antolatu du Urolakoen Nafar Zuzterrak taldeak. Otsailaren 4an, asteartea, izango da solasaldia, Basazabal jauregian. Juan Martin Elexpuru ariko da hizlari, eta 19:00etan hasiko da saioa.