Iera Zuazolazigorraga: "Ez gara ohartzen komunikazioa bideratzeko mila modu daudela"

Urola Kostako Hitza 2020ko urt. 28a, 13:35
Iera Zuazolazigorraga.

Marea Urdinak antolatuta, Zer egin komunikazio eta hizkuntza arazoak daudenean? hitzaldia eskainiko du Zuazolazigorragak bihar arratsaldean, Azkoitiko Elkargunean. Solasaldiaren bezperan, logopeda eta pedagogo azpeitiarrarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak.

Logopeda eta pedagogoa da Iera Zuazolazigorraga (Azpeitia, 1991) , eta komunikazio alternatibo eta handigarrietan aditua da. Lan ildo horri lotutako hitzaldia eskainiko du bihar, asteazkena, Azkoitiko Elkargunean, 19:30ean hasita. Zer egin komunikazio eta hizkuntza arazoak daudenean? Galdera horri erantzungo dio azpeitiarrak, Marea Urdina elkarteak antolatutako solasaldian.

Komunikazioaz eta komunikatzeak duen garrantziaz mintzatuko zara bihar. Zer dela eta eskainiko duzu hitzaldia?

Duela urtebete inguru hasi nintzen komunikazio sistema alternatiboekin lanean. Ordurako hizkuntza arazoen lanketa eginda nuen, baina komunikazio sistema alternatiboak ezagutzea mundu berri bat deskubritzearen antzekoa izan zen niretzat, eta gogoz heldu nion lanketari. Sasoi hartan nahiz gaur egun nirekin lanean aritzen da Ursula Urteaga, Marea Urdina elkarteko Inma Urteagaren alaba. Inmarekin asko hitz egiten nuen komunikazioaren inguruan, eta horren harira otu zitzaidan gaiaren inguruko solasaldia eskaintzea.

Zer landuko duzu solasaldian?

Besteak beste, pertsonek izan ditzaketen komunikazio eta hizkuntza arazoak zein diren azalduko dut hitzaldian. Hizkuntza, komunikazioa eta hizketa hiru kontzeptu desberdin dira, eta horiek desberdintzen saiatuko naiz. Horrez gain, zer arazoren aurrean aurki gaitezkeen azalduko dut. Era berean, arazo horiei aurre egiteko edo komunikazioa hobetzeko egunerokotan egin ditzakegun ariketak zein diren azalduko dut, arazo horiek ahalik eta ondoen bideratzea xede. Komunikazio sistemen inguruan hitz egingo dut, izan ere, uste dut gaur egun gure gizartean hutsune handia dagoela arlo horretan. Ez dakigu zer diren, zertarako balio duten eta zer funtzio betetzen duten.

Zeintzuk dira gaur egungo komunikazio gabeziak?

Gabeziarik handiena da ahozko komunikazioa izan dela orain arte onartu den bakarra. Ez gara ohartzen milaka aukera ditugula komunikazioa bideratzeko.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.