Euskara ikasteko oinarrizko ikastaroa emango dute Udal Euskaltegian

Uztarria.eus 2020ko urt. 27a, 18:59

Oinarrizko mailako ikastaro trinkoa eskainiko dute, otsailaren 3tik martxoaren 13ra. Dagoeneko lauzpabost lagunek eman dute izena, baina nahi duen ororentzat zabalik dago izen ematea. Doakoa izango da ikastaroa.

Euskara ikasteko oinarrizko mailako ikastaro trinkoa eskainiko dute Udal Euskaltegian, otsailaren 3tik martxoaren 13ra bitartean. Ikastaroa astelehenetik ostiralera izango da, 09:00etatik 12:00etara bitartean. "Ikasturtea urrian hasi genuen Udal Euskaltegian, baina azken asteotan lauzpabost lagun gerturatu dira euskaltegira euskara ikasteko asmoarekin. Ikasturte hasieran osatutako oinarrizko taldeek beren dinamika hartua dute, eta horietan zuzenean sartu beharrean, ikastaro trinkoa eskainiko dugu aurrez", adierazi du Eneritz Albizu Euskara zinegotziak. Hala, ikastaro trinko horren ostean, parte hartzaileek gaur egun euskaltegian abian diren taldeetan euskara ikasten segitzea da asmoa.

Ikasturte hasieran esandakoa ere berretsi nahi izan du Albizuk: "Euskara ikasi nahi dutenentzat atea beti zabalik dugula adierazi genuen, eta nahiz eta urrian izan matrikulazio epea, euskaraz ikastea nahi duten herritarrak daudela jakinik, baliabide gehiago jartzea erabaki dugu". Dagoeneko lauzpabost laguneko taldea osatuta badago ere, taldea handitzeko asmoz, izen emate epea zabaldu du euskaltegiak. Hala, ikastaro trinkoa egiteko interesa duen orok euskaltegira jo dezake informazio eske edo izena ematera.

Euskaraz ikastea doakoa

Duela zenbait urte martxan jarritako beka sistemaren bidez, euskara doan ikas daiteke Azpeitian: "Badakigu konpromisoa eskatzen duela euskara ikasteak, eta bidea apurka egin behar dela. Horregatik, erraztasunak ematen saiatzen da udala. Aurten ere, euskara ikasi nahi duten guztiek, maila guztietan, izango dute aukera doan euskalduntzeko, gutxieneko asistentzia bat betez gero. Euskara ikasteko bidean, herritarren ondoan egongo gara beti", azpimarratu du Albizuk.