Urteko lehen odol ateraldia egingo dute etzi anbulatorioan

Uztarria.eus 2020ko urt. 27a, 18:49

Beti bezala, 17:00etatik 21:00etara izango da odola emateko aukera. Iaz, 1.020 odol emanaldi zenbatu zituzten Azpeitiko odol emaileen elkartekoek, 2018an baino 133 gutxiago. Beherako joerari buelta ematea nahi dute hasi berri den urtean.

2020an odola emateko lehen aukera izango da etzi, asteazkena, herriko anbulatorioan. Urtarrileko odol ateraldia ohiko ordutegiarekin egingo dute, 17:00etatik 21:00etara, alegia.

Azpeitiko odol emaileen elkarteak odola emateko gai diren herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, etziko hitzordutik hasita, urtea amaitu bitartean hilero egingo dituzten ateraldietan beren aletxoa jar dezaten. 2019ko emaitzekin kezkatuta agertu dira. Izan ere, 56 odol emaile berri erregistratu bazituzten ere, odol emanaldien kopurua jaitsi egin zen iaz, 2018arekin alderatuta: duela bi urte 2.018 odol emanaldi zenbatu zituzten, eta iaz 1.020; 133 odol emanaldi gutxiago, beraz, urte batetik bestera. Betiko odol emaileak, adinekoak edota helduak, "gastatzen" ari direla eta horien tokia hartuko duten gazteak "falta" dituztela azaldu dute elkarteko kideek. "Konpromisoa" da, hain zuzen ere, odola ematen hasten diren gazteen artean areagotzea nahi luketena: "Gazteak eta emaile berriak etortzen zaizkigu, baina noizean behin bakarrik: kanpoan ikasten edo lan egiten dutelako, ordutegia ez datorkielako ondo... Kontua da, guretzat oso garrantzitsua dela odola ematen hasten direnek odola eman ahal dutenetan ematea, aldizkakotasuna bermatzea. Jendeak konpromiso hori hartzea, finean".

Beherako joerari buelta ematea nahi dute Azpeitiko odol emaileek hasi berri den urtean.