Mikel Alberdi: "Aspalditik bila nenbilen lasaitasuna aurkitu dut hemen"

Uztarria.eus 2020ko ots. 9a, 12:09
Mikel Alberdi, hondartzan.

Hiru urte daramatza Mikel Alberdik Mexikon. Bisita gidatuak antolatzen ditu hango Quintana Roo estatuko Playa del Carmen hirian, eta oso gustura bizi da han. Maialen Etxaniz kazetariak elkarrizketa egin dio Hantxe bertan atalerako, 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Zer dela eta iritsi zinen Mexikora?

Duela zazpi bat urte izan nintzen Mexikon aurreneko aldiz, oporretan. Asko gustatu zitzaidan. Hori dela eta, beste behin ere joan nintzen, eta orduan pentsatu nuen urtebetez han bizitzen gelditzea. Dagoeneko hiru urte pasatxo daramatzat Mexikon, eta oso gustura nago hemen.

Nolakoa da zure egunerokoa han?

Txangoak antolatzen ditut Riviera Mayan: irletara, urmaeletara, biosferetara, ur parkeetara, ikuskizun berezietara... Zazpi orduz egiten dut lan bulegoan, baina kaleko lana ere ezinbestekoa da. Jendearekin hitz egitea, zer nahi duten ezagutzea eta nik zer eskaintzen dudan azaltzea da kalean egiten dudana.

Eta lanetik kanpo, zer egiten duzu?

Nire bizitza oso lasaia eta pozez betea da. Eguraldi ona egiten du ia egunero. Hondartza bizi naizen lekutik oso gertu dago, baita gimnasioa eta etorbide nagusia ere, paseotxo bat emateko, erosketak egitera joateko... Edozer gauza nahi izanez gero, dena bertatik bertara daukat.

Mexikotik zer atsegin duzu gehien?

Jendearen bizitzeko modua, gauza gutxirekin ere beti dute irria aurpegian. Horrez gain, lekua bera eta bertako lasaitasuna ditut atsegin. Paradisu hutsa da.

Eta zer da gutxien gustatzen zaizuna?

Drogak eta alkoholismoa. Jende asko gaixotasun horiekin bizi da. Egun guztia pasatzen dute alkohol eta droga artean. Pena ematen du jendea horrela ikusteak eta ezin lagundu ahal izateak.

Ba al du antzik Azpeitiarekin?

Batere ez. Eguraldia, jendearen patxada, bizitzeko era... dena da oso desberdina. Hemen egunean egunekoarekin bizi gara.

Zer da faltan sumatzen duzuna?

Etxekoak, lagunak eta nire alboan egon den jende guztia, baita etxekoekin eta lagun artean egindako bazkari eta afari bikainak ere.

Aurrera begira, zeintzuk dira zure planak?

Orain oso gustura nago momentuan egiten dudan guztiarekin. Nahi nuen lasaitasuna aurkitu dut hemen. Inork ez daki zer gertatuko zaigun etorkizunean, eta garrantzitsuena da momentua bizitzea.