Errebala zenaz

Uztarria.eus 2020ko ots. 7a, 12:39
1930 aldeko Errebalaren hasiera erakusten du Nikolas Oteizak ateratako argazki zahar honek. (Nikolas Oteiza)

Mende erdi pasatxoan gauzak zenbat alda daitezkeen. Gaztetan ezagutu zuten kalea ekarri dute gogora Rosario Ibaietak eta Fernando Bereziartuak, Mailo Oiarzabal kazetariarekin solasean, 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Erdi Aroan, herrigune nagusien harresietatik edota ateetatik kanpo eraikitako auzoei esaten zitzaien errebal. Azpeitiko egungo kale izendegian badira bi errebal: Txaribarkoa bata, parrokiaren ondoan; eta Bustinzurikoa, bestea. Baina azken hori da, azpeitiarrentzat, Errebala izenaren jabe. Errebal jatorritik Azpeitiko bizitzaren erdiguneetako izatera igaro zen aspaldi Errebala, egunez zein gauez, azken urteetan zentralitate hori apalduz joan den arren.

Errebalean jaiotakoak eta errebaldar peto-petoak dira Rosario Ibaieta (Azpeitia, 1945) eta Fernando Bereziartua Pikua (Azpeitia, 1950). Joan den mendearen erdialdetik gaur egunera arte beren kale maiteak bizitako eraldaketaren lekuko zuzenak ere badira Ibaieta eta Bereziartua. Urte luzez bizitoki ez ezik, lantoki eta eguneroko bizimoduaren erdigunea ere izan da Errebala bientzat; handik urrutira gabe bizi dira gaur egun ere bata zein bestea, eta ez dute saltzeko sorlekua. Atzera begira jarri dira biak Uztarriarentzat, umetan ezagutu zuten Errebalaren memoria berreskuratuz, gaur egungoarekin zer antz gutxi duen nabarmenduz.

Behetik gora

Errebala non hasten eta non bukatzen den zehazteari ekin dio Bereziartuak. "Errebala hasten da Pikuaneko etxean, hura da 2. zenbakia, eta bukatzen da Urbanoneko etxean; hori da orain hormatuta dagoena. Hortik aurrerakoa Arana da", esan du. Ibaietak kalea non hasten den zalantza agertu du, ordea, Pikuanekoaren ilaran zegoen Tuertoneko etxea Errebaleko lehendabizikoa ez ote zen aitatu duenean. "Tuertonekoa ez al zen lehendabizikoa?". "Ez! Tuertonekoa zen Olazko plazatxoa". "Baina Olazko plazatxorik ez zegoen!"... Baina baietz dio Bereziartuak, bazela orduan ere izen hori zuen gunea: Tuerto, Kojua eta Artetxenekoaren atarialdeari esaten zitzaiola horrela.

Pikuaren ilara utzi, kale estua zeharkatu eta alde hartako eraikin, etxebizitza, denda, ostatu eta lantokien errepasoa egiten hasi dira. Horitutako zuri-beltzezko argazkiek gordetzen dituzten orduko oroitzapenak kolorez janzten dituzte Bereziartuaren eta Ibaietaren hitzek: "Pikuanekoaren aurrean, nahiz eta pixka bat gorago egon, 1 zenbakia zeukana, Carolinaneko janari denda. Goizeko zortzietan ireki eta gaueko hamaiketan ixten zuen", hasi da Bereziartua, eta "jai eta aste" horrela izaten zela berretsi du Ibaietak. Pikuanekoak denda hartan "bizi" zirela dio Bereziartuak. "Orduan ez zegoen hozkailurik, eta momentukoa besterik ez genuen edukitzen. Bi xerra behar bazenituen, Zabalanekora. Eta azukrea, olioa... behar zirenean, Carolinarenera". Lehengaiak ontziratu gabe eta soltean saltzen zituztela ekarri du gogora Ibaietak: "Orduan bai birziklatzen zen!".

Behetik gora kaleko eskuin aldeko etxe ilararekin jarraitu du Fernando Pikuak: "Carolinanekoaren azpian, Aitzaki. Etxepeko portala, eta ondoren Zabalaneko taberna. Ondoren, amutxategitarren etxea, eta hor behean Lasa denda, mertzeria. Gero, beste etxabe bat eta Javier Aitzakikoaren tailerra; bobinaketan aritzen ziren. Ondoren, Arotxaneko etxea; ukuilua zeukaten etxabean, eta bi behi. Hurrengo etxean zeuden Txeru eta Inpernue soziedadeak", iritsi da erdi parera. "Txeru goian eta Inpernue behean", zehaztu du Ibaietak, bi soziedadeen izenek gordetzen zuten hitz jokoa gogoan: 'zerua' (Txeru) goian zelako hasi ziren deitzen Inpernue, nonbait, Peña Taurina El Andaluz izenarekin sortu zen beheko elkarteari.

"Hurrengoa, 13.a, Ezkerretegiren etxea, orain Elurra taberna dagoena", heldu dio berriro ilarari Bereziartuak. "Orduan igeltsutegia zen hor, eta kalearen bestaldean, orain arraindegia dagoen horretan, zeukan biltegia. Gero estrata, eta segidan hauen denda [Nerea eskulanak, Ibaieta ahizpen saltokia]. Baina hauen denda etxebizitza bat zen. Belmonte-eta bizi ziren hor; etxabean, kalearen mailan, sukaldea zegoen. Eta etxepe berean, Donoxti ere bai, Felix Bereziartua Alkain. Hurrengo etxean, Nizeta, eta Ibañez eta. Akordatzen al zara?", galdetu dio Ibaietari, eta honek baietz: "Bi solairutakoa zen hasieran, eta beste bi altxatu zituzten gerora".

Hizketan ari diren etxera iritsi da kontakizuna, gaur egun Nerea dendakoek biltegia dutenera, hain zuzen. "Imanol Azkuerena eta. Eta gero, larrumetarrak", dio Ibaietak. "Eta Piotxo, Pio Astigarraga. Organista, pertsonaia handia", aipatu du Bereziartuak; eta "bai, bai, mitikoa", gaineratu Ibaietak. Errebalean "pertsonaia bereziak" ia atez ate zeudela aipatu dute biek behin baino gehiagotan, eta izen eta ezizen erreskada luzea zerrendatu ere bai, hainbat pasadizo gogora ekarriz; Piotxoren etxepe berean bizi zen guardaren etxeraino sartu zen kamioiarena, esaterako. Piotxoren eta guardaren etxearen ondoko Urbanoren etxearekin bukatzen zen Errebalean behetik gorako ezkerreko etxe ilara.

 

 

Goitik behera

Urbanonetik kalea gurutzatu, eta Casa Bombero izenarekin ezagutzen zuten etxearekin hasi dute bestaldeko etxe ilararen zerrenda. Suhiltzaileen etxea izandako horretan osatu dute familia zerrenda luzeena. "Nik ez dakit etxe hori gomazkoa al zen ala zer, horko sartu-irtena!", dio Bereziartuak, kalean behera abiatu aurretik. "Casa Bomberoren ondoan Xoxoterako bidea, gero bodegoia. Ageda Izagirre, arrain saltzailea. Ondoren, ia beti erdi hutsik egon izan den lokal bat, zuen [ibaietatarren] etxepean; Bitortxoren biltegia zen garai batean. Gero, Oker taberna egon zena. Ondoren, lehen aipatu dugun Ezkerretegiren biltegia, eta ondoren Rikiren etxea. Ondoko etxeak ere bazuen biltegia, baina hutsik egoten zen".

"Hurrengo etxea Trastornoren etxea zen; janari denda, hura ere. Ondokoa, harategiko etxea; oraingoa dagoen toki berean, baina beste etxe bat zen, bota eta berria egin zuten", jarraitu du Bereziartuak, eta "Atzekoaldetarako pasoa ere hor" zegoela erantsi du Ibaietak. Errebalak, izan ere, bazuen eranskin moduko atzeko aldeko beste zati bat, gaur egun Olazko Andre Mariaren plazatxoko etxebizitzetako batzuek betetzen dutena. Kale aldeko etxeen lehenengo solairuaren altueran kalexka estua, ibaietatarren aitaren tailerra eta kalearen gain aldean zegoen "Istiyoren etxea", Fammic enpresak lehen urratsak egin zituen kale baserria, ekarri dituzte gogora, besteak beste, Atzekoaldetaz hitz egiterakoan. Eta itzuli dira kale-kalera, eta etxe zerrendaren azken txanpari ekin dio Bereziartuak: "Harategiaren ondoren, Izarraitz-Txoko soziedadea dagoen etxea; hori ere erre egin zen. Gero zegoen Arrona taberna, eta gero Pikua. Eta Pikuaren gaineko solairuan beste soziedade bat, oraingo Zezenzaleak danborrada taldearen iturburua izan zena. Horixe, Errebala". Oroiminez eta lehenaldia erabiliz, "berezia zen, Errebala" dio Ibaietak. Izango dena, berriz, ikusteko dago.

Gaueko begiekin

Ruben Fernandez (Azpeitia, 1989) ez da Errebalean sortua, baina badira urte batzuk bertan lan egiten hasi zela. Horren aurretik, gauez festara irteten hasi zenean ezagutu zuen Errebaleko giroa Fernandezek; urte haietan "parrandaren erdigunea Errebala" zela kontatu du. "Elurra, Oker, Arrona eta Pikua zeuden irekita".

Azken urteetan aldatu egin da joera. Larunbat gauetako parrandak gainbehera joan dira Azpeitian, ez Errebalean bakarrik, baina baita Errebalean ere. 2012ko abenduan itxi zuten Arrona taberna, eraikinaren teilatua behera etorri ondoren. Fernandez 16 urterekin hasi zen Errebalean lanean, zerbitzari, Elurra tabernan, eta garaitsu hartan itxi zituen ateak Okerrek. 2016ko otsailean, berriz, Pikua taberna hartu zuen Fernandezek. Gaur egun, Elurra eta Pikua dira Errebalean martxan dauden bi tabernak, baina "biak asteburuetan bakarrik irekitzen" dituzte.

Eta Pikuak ere gertu du iraungitze data. Errebaleko hasierako eraikina eraitsi egingo dute. Data zehatza ez dakitela dio Fernandezek, baina datozen karnabalen ondoren taberna ixteko "asmoa" dutela aurreratu du.