Pausoz pauso

Uztarria.eus 2020ko ots. 5a, 16:43
LarraƱaga eta Unanue, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzaren atarian. (Mireia Galarza)

Zortzi urte egin ditu Aitor Unanuek Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari karguan. Emakume batek hartu du lekukoa: Arantxa Larrañagak. Biekin hitz eginda osatu du erreportajea Mireia Galarza kazetariak 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian.

Mendizaletasuna. Horixe da Aitor Unanue (Azpeitia, 1981) eta Arantxa Larrañaga (Azpeitia, 1979) elkartzen dituena. Urteak pasatu ahala, mendirako duten afizioa indartuz joan zaiei biei ala biei, eta horren erakusle da Unanue Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari karguan egon izana azken zortzi urteotan. Abenduko batzarra igarota, Larrañagak hartu du Unanuek utzitako kargua. Larrañagak garai berriaren aurrean "gogotsu" dagoela aitortu du.

"Berez, lau urtekoa izaten da lehendakari kargua, baina hainbat arrazoi medio, beste horrenbeste urtez izan naiz lehendakari, eta zortzi urte eginda, lehendakaritza uzteko momentua iritsi zela iruditzen zitzaidan", adierazi du Unanuek kargua utzi berritan. Lehendakaritza uzteko erabakia hartuta, kide berria izendatzeko deialdia egin zuten Lagun Onakeko kideek. Dena den, kargua hartzeko deialdira inor ez zela aurkeztu ikusita, batzordeak proposatu zuen hautagaia. "Animatu egin nintzen azkenean; orain, lanari ekitea besterik ez da falta", gaineratu du Larrañaga lehendakari berriak.

Elkarteko lehendakari izaterako, biek zuten esperientzia mendian, aspaldi hasi baitziren tontorrak igotzen. "Guztiak bezala, lagun giroan gure kasa hasi ginen mendira joaten, baina Lagun Onakek askotariko ekintzak antolatzen zituela jabetuta, horietan parte hartzen hasi ginen", dio Unanuek. Larrañagaren kasuan ere hainbat urte egin behar da atzera haren eta mendiaren arteko lotura noiz hasi zen ikusteko: "Familiatik datorkit mendirako afizioa. Horregatik, orain dela 20 urte inguru hasi nintzen Lagun Onakek antolatutako ekintzetan parte hartzen. Inguruko egun pasak, eta bereziki, Aste Santuan hainbat mendikatetara antolatzen zituzten irteerak ditut gogoan. Orain, familia izan ondoren, elkarteak umeentzat antolatzen dituen ibilaldietan ibiltzen naiz gehien". Hala ere, helduentzako irteeretan ere parte hartzen duela gaineratu du Larrañagak.

Elkartea, indartsu

1946. urtean sortu zen Lagun Onak Mendi Bazkuna. Harrezkero gorabeherak izan baditu ere, azken hamar urteetan parte hartzean nabaritutako beherakadari buelta emateko gai izan direla aitortu dute Unanuek eta Larrañagak. "Eskualdeko mendi elkarteok beherakada nabaritzen genuen mendiko ekintzetako parte hartzean, eta zergatiak bilatzeko asmoz ikerketa bat burutu genuen; Joxe Takolo bekara aurkeztu genuen ikerketaren proiektua, eta bekaren laguntzari esker gauzatu genuen", dio Unanuek. Emaitzak eskuetan, ibilaldien formatua aldatu eta Azpeitia-Hazparne egitasmoari ekin zioten; uste baino erantzun positiboagoa jaso zutela gaineratu dute elkarteko bi kideek.

Antolaketa lan zaila ez dela aitortu arren, zailena irteeren urteko egutegia osatzea dela aitortu dute mendizaleek. Horretarako, urtea bukatu aurretik elkartzen dira batzarkideak, eta bakoitzak dituen proposamenak jartzen ditu mahai gainean. Behin irteerak finkatuta, autobus enpresekin jarri behar izaten dute kontaktuan, eta beharrezkoa den kasuetan, baita aterpetxeekin ere. Lehendakari berriaren arabera, "urteko garaiaren arabera aterpetxeetako eskaera ere nabarmen igotzen da, eta hiruzpalau hilabete aurretik harremanetan jartzea beharrezkoa izaten da kasu horietan".

Hiru mailatan sailkatzen dituzte urtean zehar egiten dituzten irteerak, baita horietan parte hartzen dutenen profila ere. "Errazenak umeen irteerak izaten dira, eta udako hilabeteetan irteera gehiago egiten badira ere, normalean hilean bat edo bi antolatzen ditugu", dio lehendakari ohiak. Gainera, parte hartzea nahiko altua dela gaineratu du Larrañagak, irteera horietan gutxi gorabehera 40 pertsonak parte hartzen baitute. Bestetik, helduentzako irteerak daude, hilero antolatzen dituztenak; 80 pertsona inguru animatzen dira, batez beste, irteera horietara. Azkenik, goi-mendietara antolatzen dituzten irteerak daude. Larrañagaren arabera, azken horiek mendizaletasuna "serioago" hartzen dutenentzat dira. Unanueren hitzetan, goi mailako irteerak antolatzeari utzi behar izan zioten orain urte batzuk, baina eskaera handia zela eta, berriro hasi ziren antolatzen. "Ez dira asko, baina hamabost bat mendizalek parte hartzen dute irteera bakoitzean". Azken urteetan, era horretako bi irteera egiten dituzte urtean, bata Pirinioetara eta bestea Europako Mendietara, baina etorkizunean beste horrenbeste egin ahal izatea dute helburu. "Bide onetik goaz", baieztatu du lehendakari berriak.

Ildo horretan, Unanuek eta Larrañagak beharrezkotzat jotzen dute herrian mendi elkarte bat egotea, besteak beste, "bakarka ausartzen ez zaren mendietara igo zaitezkeelako antolatutako ibilaldien bitartez", dio Larrañagak. Unanueren ustez, gainera, elkarteak antolatzen dituen irteeretara autobusez joateak onurak dakarzkio mendizaleari. Izan ere, lehendakari ohiaren ustetan, "kasu horietan autobusak leku batean utzi eta beste batean jasotzen zaitu, eta hori aukera paregabea da ibilbidean zehar leku bat baino gehiago ezagutzeko".

Badira, gainera, Lagun Onakek antolatzen dituen beste bi egitasmo berezi: maiatzeko eta abenduko Mendi Asteak. Joan den abenduko Mendi Astea hizpide, Unanue eta Larrañaga bat datoz azken horren inguruko balorazio ona egiterakoan. Normalean urteko bigarren Mendi Astea xumeagoa izaten den arren, 2019ko abendukoaren edukia maiatzekoarekin parekatu dute biek. Gainera, jasotako babesa ere azpimarratu dute. "Bailarako herrietatik etortzen dira Mendi Astera, eta beti jasotzen ditugu oso iruzkin positiboak; guk zer erakutsi zain egoten dira", diote mendizaleek.

Badirudi, gainera, bolada onak jarraipena izango duela. Izan ere, 2021. urtean 75. urteurrena ospatuko du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Ez dute erabaki oraindik nola ospatuko duten data berezia, baina hainbat ekintza aurreikusten dute. Gainera, herritarrei eman nahi diete garrantzia, eta horregatik, azpeitiarrak animatu nahi dituzte ospakizunaren nondik norakoak erabakitzeko hurrengo urtean zehar antolatuko dituzten deialdi eta bilera irekietara. "Itxura eta forma polita eman nahi diogu urteurrenari, herritarren laguntzarekin", dio Larrañagak.

Mendia ere aldatzen

Mendia ulertzeko modua erabat aldatu dela gaineratu dute Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek: "Lehen ezagutzen genuen mendizale klasikoaren profila erabat aldatu da", dio Unanuek. Mendiak aukera asko ematen dituela aitortu dute biek, eta gaur egun herrian modalitate guztietan dabilen jendea dagoela. "Batzuk egun pasa joaten dira inguruko mendietara, beste batzuk korrika, eta badaude dedikazio eta ardura handiagoa eskatzen duten modalitateetan parte hartzen duten herritarrak ere", esan du lehendakari berriak.

Unanue eta Larrañagaren ustez "gero eta kontzientzia gehiagorekin" joaten da jendea mendira. Hala ere, "gerta daiteke kontuan hartu gabeko arrazoi batzuengatik nahi ez den zerbait gertatzea". Horregatik, mendian adi ibili behar dela diote biek, eta mendia ezagutzeaz gain, nork bere burua ondo ezagutzea eta mugak jartzen jakitea garrantzitsua dela azpimarratu dute, mendian praktikan jartzen den modalitatea edozein dela ere, garrantzitsuena norbera baita.