Xebastian Aizpurua eta Xanti Salegi irabazle, Euskal Herriko XII. Mus Txapelketaren kanporaketan

Uztarria.eus 2020ko urt. 25a, 20:15

Gaur, zapatua, Euskal Herriko XII. Mus Txapelketaren kanporaketa jokatu dute Sanagustin kulturgunean, eta Xebastian Aizpuruak eta Xanti Salegik osatutako bikotea izan da garailea; azpitxapeldunak, aldiz, Ana Pilar Egiguren eta Inmaculada Agirre izan dira. Hirugarren postuan, Aitor Muñoz eta Igor Aranguren sailkatu dira, eta laugarrengoan, Jon Ibarzabal eta Iñigo Aranbarri.

Txapeldunek 500 euro eraman dituzte etxera, eta azpitxapeldunek 250 euro. Horrez gain, hirugarren eta laugarren sailkatuek ere izan dute saria; 150 euro eta 100 euro, hurrenez hurren. 14:00etan zabaldu dute Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako lehian izena emateko epea, eta guztira, hamalau bikote aritu dira nor baino nor gehiago.

Lehen bi postuetan sailkatu diren bikoteak, gainera, otsailaren 29an Seguran (Gipuzkoa) izango den Gipuzkoakoako kanporaketara sailkatu dira. Lehia horretan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, otorduak eta abar banatuko dituzte. Horrez gain, Euskal Herriko finalera sailkatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Euskal Herriko finala martxoaren 14an izango da, Zigoitian (Araba).

Hona hemen gaurko kanporaketako argazki bilduma: