Nikolas Segurola artzainak ENBAren Baserritarron Laguna saria jasoko du igandean

Uztarria.eus 2020ko urt. 24a, 19:31
Nikolas Segurola artzaina. (Mikel Arrazola)

Segurolak bere bizitzan artzantzaren alde egindako lan zabala eta oparoa eskertu asmoz emango diote saria. 

Nikolas Segurola Matxinbentako artzainak jasoko du Euskal Nekazarien Batasunaren (ENBA) Baserritarron Laguna saria igandean, urtarrilaren 26an. Nekazal sindikatuak banatzen duen sariaren laugarren edizioa da aurtengoa. Segurolak bere bizitzan artzantzaren alde egindako "lan zabala eta oparoa" eskertu asmoz emango diote saria. Urnietako Salestarren ikastetxean egingo dute sari banaketa, ENBAren Batzar Orokorrean.

Baserritarron Laguna sariaren helburu nagusia, nekazal sektoretik kanpo, beraien ohiko lanaren bitartez, nahita edo inkonstzienteki bada ere, nekazaritza, baserritarren zeregina eta baserri munduaren defentsan lan egiten dutenak saritzea da.

"Artzainen ogibidea eta bizimodua duina aldarrikatu eta landu, artzainen formazioa lehenetsi eta etorkizunari begirako oinarriak ipini asmoz, Gomiztegiko Artzain Eskolaren sustatzaile nagusia izan da Segurola. Artzaina, latxa ardia eta gazta izan dira bere jomugak eta helburuak lortzeko lan bikaina egin du", azaldu du ENBAk. 

Nikolas Segurola Matxinbentako Largarate baserrian jaio zen, 1939an. Haurra zela hasi zen Segurola ardiak zaintzen, baina Arantzazu eta Zarautz artean ibili zen, gero, ikasketak egiten. Arantzazuko Gomiztegi baserrian 400 ardiko taldea jarri zuten; eta, 1997an, artzain eskola egin zuten.