'Hautetsontzien matxinada' erakusketa, zabalik

Uztarria.eus 2020ko urt. 24a, 15:34

Atzo, osteguna, inauguratu zuten Dolors Gibert argazkilariaren eta Carles B. Gorbs kazetariaren Hautetsontzien matxinada erakusketa Betharram aretoan, eta dozenaka herritar joan zen inaugurazio ekitaldira. 2009. urtean Kataluniako prozesu subiranista hasi zenetik gaur arte ateratako 80-90 argazki daude ikusgai bertan.

Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen saioa, eta Haritz Garmendia bertsolariaren bertsoekin hasi zen ekitaldia. Horren ostean, Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko zinegotziak hartu zuen hitza. Albizuk Hautetsontzien matxinada erakusketa Azpeitian izatea "pribilegio bat" dela nabarmendu zuen, eta "miresmenez eta enbidiaz" begiratzen diela Euskal Herriak kataluniarren mugimendu subiranistari. ANC Euskal Herria taldeko Fermin Rubiralta ere erakusketan izan zen, eta erakusketako argazkiek une "hunkigarriak eta zirraragarriak" erakusten dituztela azaldu zuen: " Errepublika garaitik Espainian ez da gertatu halako une historikorik. Burujabetzaren aldeko mugimendu baten moduan hasi zena, demokraziaren aldeko borroka bihurtu da", gaineratu zuen Rubiraltak.

Josu Alberok Naziogintza taldearen eta ICECen izenean hitz egin zuen, eta bi talde horien eta beren jardueren inguruan aritu zen hizketan bertan. Horrez gain, apirilaren 25ean Azpeitian egingo den Euskal Errepublikaren egunera joateko gonbidapena luzatu zien Alberok herritarrei. Laxaro Azkunek, aldiz, Gure Eskuren izenean hitz egin zuen, eta Gure Eskuk Kataluniako prozesu subiranista "interes handiz" jarraitu duela azaldu zuen hark: "Erreferendum bidez konpondu behar dira gatazka politikoak, herriari hitza emanda. Herriari hitza emateagatik hainbat preso dago, eta errepresio bortitza jaso dute horiek", nabarmendu zuen Azkunek.

Dolors Gibert erakusketaren egileak hunkituta hasi zuen hitzartzea. Gibertek azaldu zuen Hautetsontzien matxinada erakusketa "dokumentala eta informatiboa" dela, eta ez dagoela argazki artistikorik zein estetikorik. Erakusketa barruko zenbait argazki izan zituen hizpide argazkilariak, eta Kataluniako errepublika deklaratu zen uneko argazkiaren garrantziaz hitz egin zuen, besteak beste. "10 urte hauek pertsonalki eta profesionalki hazten lagundu didate. Karga polizialen lekuko izan naiz, prentsa manpiulazioarena, irribarreena eta emozioek sortutako negarrena, baita harrotasunaren lekuko ere. Herri ausart bat ikusi dut, arma moduan loreak, hautetsontziak eta abestiak zituena", azaldu zuen hunkituta Gibertek.

Hitzartzeekin amaitzeko, Carles B. Gorbs kazetariak hitz egin zuen ekitaldian. Gorbsek erakusketako bi hautetsontziak izan zituen hizpide; bata, Katalunian egin ziren lehen herri kontsultetan erabilitako hautetsontzia zen, eta bestea, urriaren 1eko erreferendumekoa. Erakusketaren helburu nagusia "desinformazioaren aurrean informatzea" dela azaldu zuen kazetari kataluniarrak. Bestalde, erakusketa ikusteaz gain, otsailaren 3an Azpeitian emango duten hitzaldira joatera gobidatu zituen Gorbsek herritarrak. Ekitaldia amaitzeko, Agure zahar batek dio abestia kantatu zuten erakusketaren antolatzaileek eta ekitaldira joan ziren herritarrek. Horren ostean, aldiz, mokadutxoa egin zuten.

Erakusketa ibiltaria

Europako hainbat herri eta hiri bisitatu ondoren –Perpinya (Herrialde Katalanak), Brusela, Lieja (Belgika), Prada de Conflent (Herrialde Katalanak), Valentzia (Herrialde Katalanak)...–, Euskal Herrira iritsi da erakusketa; Azpeitian geldialdia egin ondoren, Altsasura (Nafarroa) joango da. Erakusketarekin batera eztabaidak eta hitzaldiak ere antolatu dituzte, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazkaren zergatia ezagutarazteko. Euskal Herria bisitatu ondoren, erakusketak bere ibilbidea jarraituko du: Lovaina (Belgika), Munich (Alemania), Oslo, Berlin, Luxenburgo… zeharkatuko ditu.