Nora Alberdi: "Errealitate zatiak aukeratzea gustuko dut"

Uztarria.eus 2020ko urt. 24a, 12:07
Nora Alberdi. (Ihintza Elustondo)

Dagoeneko osorik irakur daiteke webgune honetan 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkaria (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 223. zenbaki horretan dator Ihintza Elustondo kazetariak Nora Alberdiri egindako elkarrizketa hau. Ikus-entzunezkoen munduan hainbat lan egin du azkenaldian Alberdik. Feminismoa oinarri hartuta, esperimentatzen segitzeko prest dago.

Azpeitian ikus-entzunezkoei lotuta egin diren proiektu ugaritan utzi du Nora Alberdik bere aztarna: Dapa egitasmoan murgilduta dabil, Kulturaz kooperatibako komunikazio taldeko kidea da, Korosagasti filmean lanean aritu da, Kuraiosa dokumentala ondu du, argazki erakusketa bat jarri zuen Sanagustin kulturgunean... Ez dago esan beharrik: badu irudiaren munduak zerbait erakartzen duena.

Argazkilaritzan, Kulturazen lanean, dokumentalak sortzen, ikus-entzunezkoetan... Zirrikitu askotan muturra sartuta zabiltza. Nola deskribatuko zenuke zeure burua?

Kazetaritza ikastean, kazetari bihurtu ohi da jendea. Nik ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, eta ez dakit zer naizen. Komunikatzailea? Ez dakit hori ote den hitz egokia. Zinemagile ere ez dut ikusten neure burua, dokumental bat bakarrik egin baitut. Sortzailea naizela-edo esango nuke, baina termino hori oso zabalean ulertuta. Esan daiteke irudiaren eremuan gauza batzuk egin ditudala.

Zergatik duzu gustuko irudiaren mundua?

Oso behatzailea naiz, beti begiratzen dut ingurua, errealitatea, egoerak... Ikusten ditugun errealitateko gauza txiki horietatik suposizio asko egin daitezke. Gustatzen zait kamera hartu eta nik neuk aukeratzea enkoadrea; errealitate bat daukazu aurrean, baina kamerarekin zuk zeure mundu ikuskera sortzen duzu. Kamera batekin errealitate osoa hartzea ezinezkoa da, eta gustuko dut errealitate zatiak aukeratzea. Badauka joko hori irudiaren munduak, eta gustatzen zait.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikastea amaitu zenuen ekainean, eta zure lehen sorkuntza propioa, Kuraiosa dokumentala, aurkeztu zenuen urrian, herrian bertan. Zer harrera izan du lanak?

Ona izan duela iruditzen zait. Pentsatzen nuen aurkezpenera 30-40 pertsona azalduko zirela, eta ehun bat lagun bertaratu ziren. Horietako asko espero nituen emanaldian, baina beste batzuk ez. Dokumentalean esaten diren gauza asko nahiko intimoak eta pertsonalak dira, sexualitatea lantzen da, baita gorputza eta edertasuna ere... Oso eguneroko gaiak dira horiek, baina ez dugu horien inguruan hitz egiten, gai tabuak dira. Feminismoaren mugimenduarekin lotutako jendea izan zen aurkezpenean, eta horiek ez zituen asko harritu dokumentalean ikusitakoak. Aldiz, bazeuden beste pertsona batzuk ez dutenak sekula kontakturik izan feminismoarekin eta feminismoak aldarrikatzen duen hainbat kontzepturekin; horientzat harrigarria izan zen esaldi batzuk entzutea. Jende askok zera esan zidan: "Hau behar nuen". Batzuei begiak irekitzeko balio izan zien Kuraiosak. Dokumental hau niretzat barne prozesu bat izan da, erronka bat, baina aldi berean, nahi nion munduari pixka bat hausnarrarazi. Eta gustura gelditu nintzen emanaldi horrekin.

Emakume izatearen ertzak bildu zenituen dokumentalean. Zergatik erabaki zenuen gai horren inguruan hausnartzea?

Ni jaiotzez emakume izendatu nautelako. Dokumentalean lantzen diren hainbat eta hainbat gaik eragiten didate niri, eta iruditzen zait denok hausnartu behar dugula gai horien inguruan. Nire zalantzetatik eta nire barne hausnarketetatik atera ziren galdera denak: gorputzaren ingurukoak, sexualitatea lantzen dutenak... Gai horiek mahai gainean jartzeko, emakume batzuk elkarrizketatu nituen, eta beraien erantzunetako asko nire erantzun posibleak ere bazirela konturatu nintzen.

Zer ikasi duzu prozesu horretan?

Ikasi dudana da ni ere gai naizela dokumental bat egiteko. Unibertsitatean-eta erakusten digute zinemagile batek ez dakit zer film egin duela eta besteak beste obra bat, baina denok daukagu kamera bat eskuratzeko modua, eta denok izan gaitezke artista. Iruditzen zait edozein dela gai horrelako zerbait sortzeko.

Zure sorkuntza mundura zabaltzeko lehen aukera izan zenuen Kuraiosarekin. Horren ostean etorri da: Bigarren sexua(z). Collage izeneko film laburra, Iratxe Fresnedarekin batera ondu duzuna. Nolatan sortu da proiektu hori?

Abuztuan, oporretan nengoela, Iratxek deitu zidan; nire irakasle izandakoa da, eta horregatik ezagutzen dut. Unibertsitatean bagenuen konplizitatea, feminismoaren inguruan asko aritzen ginelako. Eskafandra bildumaren barruan Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburua euskaratu behar zutela komentatu zidan, eta horri lotuta, film labur bat egiteko eskatu ziotela. Iratxe lanpetuta zebilen, eta nirekin gogoratu zen. Hasieran pentsatu nuen: "Zer da hau?". Eskafandra kolektiboa oso indartsua da, eta sekulako presioa sentitu nuen, baina aldi berean, banekien Iratxe ondoan izango nuela lanerako orduan, eta baietz esan nion. Bion artean osatu genuen ikus-entzunezkoa.

Simone de Beauvoirren Bigarren sexua lana du oinarri film laburrak, pentsamendu feministarentzat mugarri jo izan dena. Zer jaso duzu film labur horretan?

Beauvoirren bederatzi esaldi hartu ditugu oinarri gisa film laburrerako, eta esaldi horiei lotuta, egoera batzuk planteatu ditugu. Ikus-entzunezkoan esaldiak eta horiei lotutako irudiak ikus daitezke. Maitasunaren inguruko testigantzak hartu ditugu, emakumea eta lana uztartu ditugu, alardeko irudiak ageri dira... Bederatzi esaldirekin halako nahasketa bat egin dugu. Ikus-entzunezkoaren asmoa ez da liburua laburtzea, hari laguntzeko zerbait osatzea baizik.

Egin dituzun azken bi lanetan feminismoak pisu handia du. Bereziki kezkatzen zaituen gai bat al da hori?

Bai. Emakume izendatu nautenetik eragiten didan gai bat da. Unibertsitatean nengoela sakondu nuen feminismoan, batez ere. Orduan hasi nintzen betaurreko moreak jantzi eta gizarte osoari modu horretan begiratzen, gizarteko edozein egoerari buelta bat eman eta etengabe hausnartzen. Asko hausnartzen dut, asko pentsatzen dut, eta feminismoa bada nire bizitzako oinarria edo. Egia esan, asko lagundu dit bizitzan.

Sortzaile zaren heinean ere, feminismoa presente izaten saiatzen zara.

Noski. Emakume sortzaileok baditugu gizonek ez dituzten arazo batzuk. Zinemagintzan hori oso nabarmena da, baita ikus-entzunezkoen eremuan ere; kameralariak, teknikariak... denak gizonezkoak dira orokorrean. Adibidez, Durangon [Bizkaia] Euskal Herriko Jardunaldi Feministak egin zituztenean, Landako osoa emakumez beteta zegoen, eta hiru gizonezko zeuden hiru kamerari helduta, han gertatzen zena grabatzen. Gainera, teknikari gehienak ere gizonak ziren. Adierazgarria da hori: ikus-entzunezkoen mundua gizonezkoena da oraindik, alderdi teknikoari lotutako lanetan bai, behintzat. Iruditzen zait ausardia falta dela. Emakumeok ere gai gara halako lanak egiteko, eta ez dugu atzean gelditu behar.

Zu ausartu zara.

Bai, alde horretatik, jauzi handia eman dut. Ikasketetako lehen mailan esan izan balidate hau dena egingo nuela, ez nukeen sinetsiko.

Dapa proiektuan murgilduta ere bazabiltza. Daparen lantaldeko irudi, soinu eta produkzio lanez arduratzen zara. Asteazkenero sormenari lotutako bideo erreportajeak igotzen dituzue Internetera. Zer du berezia proiektu horrek?

Ez da telebistara begira egindako produktu bat. Internetera begira egindako proiektua da, eta forma aldetik ere oso etxekoa da. Irudia kontuan hartzen dugu, zaintzen dugu, baina ez da telebistako produktuen estilokoa; telebistan ez duzu freskotasun hori nabaritzen. Guk honako modu honetan lan egiten dugu: hitz egiten hasten da elkarrizketatua, kamera pizten dugu, eta grabatzen hasten gara. Konplizitatea lortzea nahi dugu elkarrizketatzen ditugun sortzaileekin. Sortzailearengana gerturatzea nahi dugu, haiek eroso sentitzea, eta gu beste bat gehiago izatea bere ondoan, nahiz eta kamera eduki eskuan. Telebistan ez da hori askotan gertatzen.

Erabat aldatzen ari da ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua. Nola ikusten duzu anabasa?

Horixe da hitza: anabasa handi bat ikusten dut. Irudiak, bideoak, sare sozialak... nahaste handia dago mundu horretan. Sare sozialetan zerbait publikatzen duzu, eta beste hamarrek egiten dute publikazioren bat zure atzetik; modu horretan, agian inork ez du ikusten zuk partekatu duzuna. Sare sozialak dira gaur egun komunikatzeko erreminta; hor egon behar duzu, hor ez bazaude ez zara inor, baina aldi berean, hamar mila gauza eta aukera daude mundu horretan. Sare sozialena mundu bat iruditzen zait. Gu errealitate batean bizi gara, eta sare sozialena beste mundu bat da, mugikorra hartu eta ja beste mundu batean zaude.

Nahiko kaos badago, beraz.

Bai. Orain gazteengana iritsi nahi da, eta hori da kezka: nola heldu haiengana. Horretarako, modu berritzaileak topatu behar dira... Zaila da arrakasta izatea edo zerbaitekin asmatzea gaur egun.

Kezka hori ba al duzue Daparen lantaldean?

Gutxieneko pertsona kopuru batengana iristea nahi dugu, baina gure txikitasunean segituko dugu aurrera. Hasiera batean, behintzat, asmoa da euskal kultura kontsumitzen duen jendearengana iristea.

Aurrera begira, zer asmo dituzu? Zein da zure ametsik handiena?

Galdera handiegia da hori. Orain Daparekin ari naiz buru-belarri, eta ez dakit zer egingo dudan etorkizunean. Hori bai, ikus-entzunezkoekin esperimentatzen eta probatzen jarraituko dut. Ikusi dut gai naizela, eta agian, etor daiteke beste dokumental bat. Ez diot aterik ixten ezeri.