Argazkiak eta testuak elkartuta, zabalik da IV. Irudhitzen erakusketa

Uztarria.eus 2020ko urt. 23a, 15:46

IV. Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako argazki eta testu guztiak elkartu ostean, IV. Irudhitzen erakusketa jarri du ikusgai Uztarria Komunikazio Taldeak Sanagustin kulturgunean, eta bertan izango da otsailaren 3ra bitartean. Irudhitzen lehiaketaren laugarren edizioko argazkien atalean nahiz testuen atalean jasotako material guztia zintzilikatu du Uztarriak Sanagustingo hormetan, lan horiek guztiak herritarrekin elkarbanatzea xede. Guztira, 58 argazki eta 36 testu aurkeztu dira Irudhitzen lehiaketaren laugarren ediziora. Aurtengo gaia Mugimendua izan da. 

Epaimahaikideen erabakiz, Iñaki Etxenagusiak ateratako argazkia izan da onena. Hitzen atalean, aldiz, Olatz Pratek idatzitako testua nabarmendu du epaimahaiak. Horrenbestez, Etxenagusiak nahiz Pratek 150 euroko sari bana eskuratuko dute. Xanti Rodriguezek, Paola Motok eta Nagore Iriartek osatu dute aurtengoan argazkien ataleko epaimahaia. Testuen atalekoa, aldiz, Xabier Gantzarainek, Leire Ostolazak eta Miren Garatek.

Iazko urrian hasi zen Irudhitzen lehiaketaren laugarren edizioa, argazkien lehiaketarekin. Aurkeztu ziren irudi guztietatik hamabi nabarmendu zituzten epaimahaiko kideek, ondoren 2020ko egutegia osatzeko. Behin irudiak aukeratutakoan, lehiaketaren bigarren zatia jarri zen martxan, eta irudien atalean nabarmendutako hamabi argazki horiei hitzak jarri zizkieten parte-hartzaileek. Lehiaketa amaituta, 2020ko egutegia kaleratu zuen Uztarriak, eta bazkide guztiei banatu zien etxez etxe 2019ko abenduko aldizkariarekin batera. 2020ko Irudhitzen egutegia eskuratu nahi duenak, Uztarriaren erredakzioan (Soreasuko Dinamoan) eros dezake, bost euroan. 

Irudhitzen lehiaketaren helburua da Azpeitiko argazkiak ardatz hartuta, herritarrak irudi bidezko nahiz idatzizko eta euskarazko sorkuntzara animatzea. Bide batez, eduki horiekin egutegia kaleratzen du Uztarriak, ondoren bazkideei etxez etxe banatzeko. 

Erakusketaren azken egunean, otsailaren 3an, egingo du sari banaketa Uztarriak. Egun horretan jasoko dute saria Iñaki Etxenagusiak eta Olatz Pratek ere. 

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Maialen Etxaniz. Testuen ataleko irabazlea: Izaskun Egiguren.

II. Iruhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Alberto Beloki. Testuen ataleko irabazlea: Irati Aranguren. 

III. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Juan Joxe Agirre. Testuen ataleko irabazlea Maialen Etxaniz.