Greba orokorra ez zaio "ez egokia, ez beharrezkoa" iruditzen EAJri

Uztarria.eus 2020ko urt. 23a, 12:31

Urtarrilaren 30erako deituta dagoen grebaren aurrean alderdiak duen jarrera azaltzeko agiria plazaratu dute Azpeitiko jeltzaleek. "Egoerak, gure ustez, ez du greba ez eskatzen, ez justifikatzen, eta ez dugu bide eraginkorra ikusten, are gutxiago Madrilen osatutako gobernu berriaren egitasmoak kontutan izanik", diote.

Azpeitiko EAJk agiria plazaratu du, urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorraren aurrean bere alderdiak dituen iritzia eta jarrera azaltzeko. EAJri greba hori ez zaio "ez egokia, ez beharrezkoa" iruditzen, eta ez dute uste mobilizazioa "eraginkorra" izango denik.

"Egoera idilikoa ez" dela onartu arren, "ezta gutxiago ere", grebaren deitzaileek aldarrikatzen dituzten lan, pentsio eta bizitza duinek beren jarduera politikoan duten islada defendatu dute jeltzaleek. "Pentsio, bizitza eta lan baldintza duinen alde egon gara eta egongo gara beti; gure lan politikoaren ardatzak izan dira beti. Eta, eremu honetan, emaitza konkretuak aurkeztu ditzakegu: EAJ izan da pentsiodunentzat azken igoera proposatu eta lortu duen alderdia", diote. Ildo beretik, "berdintasun eta elkartasun konzeptuak ez daude baztertuta gure jarduera politikoan", gaineratu dute, eta horren adibidetzat dituzten hainbat neurri eta horien ondorioak zerrendatu dute: "Aurrekontuetan urtero igotzen da gizarte gastua; Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak datorren urtean igoera izango du, esaterako. Euskal Herriko, eta batik bat, Gipuzkoako GINI indizea (desberdintasuna neurtzen duen indizea) hartzen badugu, Europa iparraldeko herrialdeen parean gaude. Berdintasun kontzeptua, gizarteak eta alderdi politikoek barneratuta daukate eta urteetako lanaren ondorioa da hau".

Greba deialdiak "pentsiodunen artean zatiketa" eragin duela ere esan du EAJk, urtarrilaren 30eko mobilizazioaren ondorio kaltegarrien adibidetzat hartuta.

"Egoerak, gure ustez, ez du greba ez eskatzen, ez justifikatzen, eta ez dugu bide eraginkorra ikusten, are gutxiago Madrilen osatutako gobernu berriaren egitasmoak kontutan izanik", nabarmendu dute EAJkoek, greba eskubidea "banakakoa" dela gogorarazi eta urtarrilaren 30ean guztien "eskubideak errespetatzea" eskatu aurretik: "Gure arrazoiekin ados ez egon eta greba egitea nahi izatea errespetatzen dugu; baina, modu berean, ez egitea erabakitzen dutenen eskubideak ere errespetatzea eskatzen dugu".