Azpeitian ere kalera atera dira azken atxiloketak salatu eta bakea eta demokrazia aldarrikatzera

Uztarria.eus 2020ko urt. 22a, 21:18

Guardia Zibilak Sortuko kide Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna atxilotu ditu gaur goizean, Zarautzen, Gernikan, Agurainen (Araba) eta Lizartzan (Gipuzkoa). Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu ditu Guardia Zibilak Sortuko lau kideak "terrorismoaren goratzea" eta "biktimen umiliazio" delituak egotzita. 92 harrera ekitaldi inguru antolatzea leporatzen diete. Kubati eta Garmendia Kalera Kalerako kideak dira. San Vicente Sortuko Arabako arduradun politikoa da, eta Altuna, berriz, Gipuzkoakoa. Kabat izena jarri diote gaurko operazioari. Guardia Zibilaren aurrean deklaratu ostean, arratsaldean aske utzi dituzte atxilotutako lau kideak. Ugari izan dira atxiloketa horiek salatzeko Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan deitutako mobilizazioak, eta Azpeitian ere herritarrak kalera atera dira azken gertaerak salatzera eta bakea eta demokrazia aldarrikatzera. Azpeitiko Sortuk deituta, elkarretaratzea egin dute 19:00etan Azpeitiko plazan, Bakea eta demokrazioa. Erasorik ez! lelopean.

Azpeitiko Sortuk azpimarratu du gaurko atxiloketak ez direla "kasualitatez" gertatu, eta horren harira, egungo testuinguruan jarri du fokua: "Atxiloketek ez diote logika judizial bati jarraitzen. Atxiloketa hauek Euskal Herriko eta Kataluniako independentismoak sustatu duten egoera berriarekin erlazionatuta daude. Estatu Sakona dugu aurrean. Edozer egiteko prest dagoena". Horrez gain, mobilizazioaren deitzaileek salatu dute gaurko operazioa "ezker abertzaleak eta independentismoak ireki dezaketen "edozein aukera-leiho zapatuzteko saiakera" izan dela. "Independentismoak aukera-leiho bat zabal dadin lan egin du. Euskal Herriko eta Kataluniako gatazketan aurrera egitea ahalbidetu lezakeen agertoki berri baten alde jardun du". Horregatik, Sorturen hitzetan,  "ongietorriena aitzakia baino ez da". Horren karietara, Kataluniara begira jarri dira: "Katalunian xingola horiak erabili zituzten aitzakiatzat Generalitateko presidentea kargutik kentzeko. Modu beretsuan jokatu zuen Auzitegi Gorenak inbestidura saio zapuzteko".

Erasoen aurrean, "klase politikoari eta jendarteari" deia egin diete gatazkarentzat eta haren ondorioentzat soluzio politiko eta demokratikoak susta ditzaten.