Sansebastianak igaro berri, Azpeitiko Udala "gustura" da festetan izan den giroarekin

Uztarria.eus | Festak
2020ko urt. 22a, 15:31

Igaro berri dira sansebastianak, eta Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak nabarmendu du "festa giro ederra" nagusitu dela jaiek iraun duten egunetan. Dena ondo irteteko lanean aritu diren guztiei eskerrak eman dizkie hark.

Sansebastianak igaro berritan, festa horien inguruko balorazioa egin du Azpeitiko Udalak. Erakundearen arabera, beste urtez, etenik gabe, 24 orduz danbor hotsez bete da herria. "24 orduz, ehundaka herritar izan dira danborraren bueltan festan". Azken egunetan herrian izan den giroa dela eta, "gustura" da Azpeitiko Udala. "Hotz eginagatik, bero izan dira kaleak. Festa giro ederra nagusitu da. Danborzaleek festaren alde beren aletxoa jarri dute, eta horretan bidelagun izan dute Udal Musika Banda", adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak.

Inoizko parte hartzerik handiena izan da aurtengo helduen danborradan. 30 talde eta 1.500 lagun inguruk parte hartu du desfilean, baina hala ere, "normaltasuna" izan da nagusi, udalaren arabera: "Jendetzak parte hartu zuen danborradan, eta 00:00etako bandera igoera danbor-jotzaile guztiek plazatik ikustea nahi genuen. Garaiz ibili ginen, eta lortu genuen helburu hori. Benetan eskertzekoa da taldeek duten prestutasuna festak ongi irten dezan”, gaineratu du Odriozolak, eta guztiak zoriondu ditu.

Haurren danborran ere, ohi bezala, "giro paregabea" nagusitu zen: "Haurrek berena duten ilusioarekin bete zituzten kaleak, eta danborradak gure herrian etorkizuna duela argi utzi zuten". Horrez gain, Aitor Expositok eginiko karrozaz gozatzeko aukera ere izan zuten kale ertzean zeudenek. "Maila altuko proiektua da egin duena, eta zoriontzekoa egin duen lana".

Danborradaz gain, beste hainbat ekintza ere izan da festa garaian Azpeitian. Umeentzako jarduerak eta sokamuturra, besteak beste: "Jende asko ibili da ekintza guztietan, eta giro ona izan da oro har”. Bukatzeko, festak ongi irteteko lanean aritu diren guztiak eskertu nahi izan ditu Festa Batzordeburuak: "Eskerrik asko festak ondo irteteko lanean aritu diren guztiei, eta orokorrean, herritarrei. Herritarren parte hartzerik gabe ez zen posible izango 24 orduko festa paregabe hori".

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu