Sortuko kideen atxiloketak salatzeko mobilizazioa egingo dute arratsaldean

Uztarria.eus 2020ko urt. 22a, 12:54

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu ditu Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak. Atxiloketak salatzeko, asanblada informatiboa eta mobilizazioa deitu dute Azpeitian, 19:00etarako, plazan.

Guardia Zibilak Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna Sortuko kideak atxilotu ditu gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Horiek, Zarautzen (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Agurainen (Araba) eta Lizartzan (Gipuzkoa) hartu dituzte atxilo.

EFE albiste agentziaren eta Sortuko iturrien arabera, euskal presoen harrera ekitaldiekin lotutako operazioa izan da Kabat deitu dutena. Kubati eta Garmendia Kalera Kalerako kideak dira. San Vicente Sortuko Arabako arduradun politikoa da, eta Altuna, berriz, Gipuzkoakoa.

Lau lagunen atxiloketak salatzeko, asanblada informatiboa eta mobilizazioa deitu dituzte Azpeitian, gaurko 19:00etarako. Plazan jarri dute hitzordua.