Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako kanporaketa izango da zapatuan Sanagustinen

Uztarria.eus 2020ko urt. 22a, 13:02

Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako lehiarako izen-ematea 14:00etan zabalduko dute, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Lehia, berriz, 15:00etan hasiko da. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, Gipuzkoako kanporaketara sailkatzeko aukera izango da.

Euskal Herriko XII. Mus Txapelketako kanporaketa izango da zapatuan, 15:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Euskal Herriko Mus Federazioak antolatutako lehiarako izen-ematea 14:00etan zabalduko dute, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Hainbat sari banatuko dute kanporaketa bukatzean. Hain zuzen ere, 500 euro jasoko dituzte irabazleek eta 250 euro azpitxapeldunek. Hirugarren bikoteak 150 euro eskuratuko ditu, eta laugarrenak 100 euro.

Parte-hartzaile kopuruaren arabera, Gipuzkoako kanporaketara sailkatzeko aukera izango da. Azpeitiko kanporaketan hamar bikotek parte hartzen badut, bikote bat sailkatuko da Gipuzkoako lehiara; 11-18 bikoteren artean badira, berriz, bi. Aldiz, 19 eta 25 bikote artean animatzen badira Azpeitiko lehian parte hartzera, hiru sailkatuko dira Gipuzkoako kanporaketara, eta 26 bikotetik gora badira, lau.

Gipuzkoako kanporaketa otsailaren 29an izango da Seguran. Lehia horretan txapelak, garaikurrak, asteburuko egonaldiak, otorduak eta abar banatuko dituzte. Gainera, Euskal Herriko finalera sailkatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Euskal Herriko finala martxoaren 14an izango da, Zigoitian (Araba).