Azpeitia eta Iruñea artekoa izango da Lagun Onak MBren 2020ko ibilaldi nagusia

Uztarria.eus 2020ko urt. 21a, 19:02
Iruñera egingo dute mendizaleek urteko ibilbide nagusia.

Lagun Onak mendi bazkunak 2020rako askotariko ekintzak antolatu ditu. Martxotik uztailera bitartean egingo dute Azpeitia eta Iruñea lotuko dituen ibilaldia, "Euskal Herriko zikloa ixteko" balioko duena.

2020. urtea hastearekin batera, Lagun Onak mendi bazkunak jakinarazi du aurtengorako prestatu duen egitaraua. Ohi bezala, haurrentzako nahiz helduentzako ibilaldiak antolatu dituzte, eta mendizaleek aukera zabala izango dute urte osoan zehar. Gainera, Azpeitia eta Iruñea lotuko dituena izango da sasoi honetako ibilbide nagusia. Bost etapatan banatuta osatuko dute bide hori, martxoan hasi eta uztailera bitartean.

Mota horretako helduentzako lehen ibilaldia Azpeititik Hazparnera (Lapurdi) egin zuten Lagun Onakeko kideek, bigarrena Bilbora eta hirugarrena Arabara. “Iparraldea, Bizkaia eta Araba ezagutu ditugu ibilaldi horietan, eta Euskal Herriaren zikloa ixteko, Nafarroa genuen ezagutzeko. Beraz, aurtengo ibilbidea Iruñera egitea erabaki dugu”, azaldu du Aitor Unanue elkarteko kideak. 

Dagoeneko pare bat ibilaldi egin dituzte Lagun Onak mendi bazkunakoek, eta datorren larunbatean egingo dute hurrengoa, Izarraitzera. 08:00etan Azpeitiko plazan elkartu eta Urreta ingurura joango dira; bertan, Izarraizko birako GRarekin batuko dira. Atzera berriz Urreta ingurutik jaitsiko dira plazara. Ibilaldian, hamaiketakoa egiteko 15-20 minutuko tartea izango dute mendizaleek. 

Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, Xoxoteko Egunean domina jaso nahi dutenek 2019ko Xoxoteko Egunetik aurtengora arte gutxienez sei ibilaldi egin beharko dituzte.

Gainontzean, beste urteetako antzeko egitaraua prestatu dutela adierazi du Unanuek. Hilero haurrentzako ekintzaren bat edo beste izango da, eta gainontzekoak helduentzat izango dira. Hona hemen urte osoko egitaraua:

Urtarrilak 25. Izarraitzera itzulia.

Otsailak 15-16. Lintzan iraupen eskia.

Otsailak 15. Izazpira irteera.

Martxoak 14. Azpeitia-Iruñea 2020: 1.etapa: Azpeitia-Tolosa.

Martxoak 15. Gaztetxoen martxa Azpeitian.

Martxoak 28. Mendia eta sagardotegia.

Martxoak 29. Artikutzara ibilaldia.

Apirilak 25. Azpeitia-Iruñea. 2. etapa: Tolosa-Leitza.

Apirilak 26. Santa Engrazira ibilaldia.

Maiatzak 16. Azpeitia-Iruñea. 3. etapa: Leitza-Aldatz.

Maiatzak 24. Txalintxora ibilaldia.

Maiatzak 25-28. Mendi Astea.

Maiatzak 31. Xoxoteko Eguna.

Ekainak 13. Azpeitia-Iruñea. 4. etapa: Aldatz-Oteiza.

Ekainak 14. Pagoetara irteera.

Ekainak 27-28. Pirinioetara irteera.

Ekainak 27-28. Bidarraira ibilaldia.

Uztailak 4. Azpeitia-Iruñea. 5. etapa: Oteiza-Iruñea.

Uztailak 11-12. Europako Mendietara irteera.

Uztailak 19. Orio-Donostia ibilaldia.

Irailak 5-6. Auñamendira irteera.

Irailak 19. Andarto-Kurutzeberri.

Irailak 27. Herniora ibilaldia.

Urriak 4. Hazparne. Makea oinez.

Urriak 24. Mendia eta upategia.

Urriak 25. Trinidad.

Azaroak 1. Mendiko eta Udazkeneko Argazki Rallya.

Azaroak 7. Anbotora irteera.

Azaroak 15. Martirieta-Samiño-Azpeitia.

Abenduak 13. Urkullu-Gurutzeberri.

Abenduak 14-17. Mendi Astea.

Abenduak 18. Batzar Nagusia.

Abenduak 31. Aizkorrira ibilaldia.