Jende ugari bertaratu da sansebastian giroko haurren parkera

Uztarria.eus 2020ko urt. 18a, 20:59

Sansebastianak bertan direla eta, Azpeitiko Udalak haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak jarri ditu gaur Izarraitz pilotalekuan. 16:00etatik 20:00etara zabaldu dute parkea, eta jende ugari bertaratu da. Bihar ere zabalduko dute parkea: goizez, 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Aurten, gainera, neurri inklusiboak hartu dituzte parkean. Hain zuzen ere, jolastokia zabalik dagoen orduetan aniztasun funtzionala duten herritarrek ez dute ilararik egin beharrik izango. Horrez gain, zaratarekin eta musikarekin arazoak dituzten haurrentzako eta gaztetxoentzako ordutegi berezia jarri du udalak. Izan ere, musika kendu dute gaur 15:00etatik 16:00etara, eta bihar gauza bera egingo dute 10:00etatik 11:00etara eta 15:00etatik 16:00etara.