Plastikoaren kontsumo gehiegikeriaz hausnartzen

Uztarria.eus 2020ko urt. 16a, 17:48

Iraurgi Ikastetxeak orain dela hilabete inguru jarri zuen martxan Gu Geu Plastikorik Gabe! egitasmoa, plastikoa murrizteko helburuz eta material horren bueltako arazoaz sentsibilizatzeko. Ordutik hona hainbat lanketa egin dute ikasleekin, eta gainera, ikasleek etxean nahiz eskolan bildutako plastikoa pilatu dute gaur ikastetxeko jolastokian. Ikasleen ordezkariek manifestua ere irakurri dute gizarteak bizi duen "plastiko kontsumo gehiegikeria" azpimarratzeko. Gainera, segidan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleek bi tailer egin dituzte Urola Erdiko Mankomunitateko hezitzaileek gidatuta. Batu dituzten plastikozko hondakin guztiak bi multzotan banatu dituzte: momentuz erabiltzeari uko egiterik ez dagoen plastikoa eta erabilera baztertu daitekeena. Iraurgikoek azaldu dutenez, nabarmen gelditu da askoz ere handiagoa dela sahiestu daitekeen plastikoaren kopurua. "Gaurkoan are gehiago nabarmendu dugu plastikoaren erabilera gutxitu dezakegula eta posible dela hori erabilera anitzeko plastikoarekin ordezkatzea".