2019an 24.507 bisitari igaro dira Loiolako turismo bulegotik

Uztarria.eus 2020ko urt. 16a, 17:24

2018an baino 2.590 bisitari gutxiago igaro ziren 2019an Loiolako turismo bulegotik. Agentziaren datuen arabera, 2019an Urola Erdiko turismo bulegotik igaro diren turista gehienak (%57) taldean egin dute bisita. Dena den, beheraka doa taldean bidaiatzen duten pertsonen kopurua. Azken hiru urtetako joera da hori. 2019an Basazabal jauregiak turismoari lotuta izan dituen bisitak ere zenbatu dituzte dagoeneko. Abendura arte, guztira, 6.932 bisitari igaro ziren Basazabaletik.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen eta berrikuntza garapen agentziak gaur jakinarazi ditu Loiolan kokatuta dagoen Urola Erdiko Turismo Bulegoaren 2019ko datuak. Garapen agentziaren informazioaren arabera, 2019an 24.507 bisitari igaro ziren Loiolako turismo bulegotik, 2018an baino 2.590 bisitari gutxiago. 2018an, 27.097 turista artatu zituzten Loiolako turismo bulegoan. 2017an, are gehiago: 30.313 bisitari. 

Agentziaren datuen arabera, 2019an Urola Erdiko turismo bulegotik igaro diren turista gehienak (%57) taldean egin dute bisita. Dena den, beheraka doa taldean bidaiatzen duten pertsonen kopurua. Azken hiru urtetako joera da hori: 2017an, 20.651 pertsonak bidaiatu zuten taldean; 2018an 17.224 pertsonak eta 2019an 14.084 izan ziren taldean bidaiatu zuten turistak. Horrenbestez, gero eta gehiago dira talderik gabe bidaiatzen duten norbanakoak. 

Bidaiarien jatorriari dagokionez, 2019an Loiolako turismo bulegotik igarotzen diren bisitari gehienak Espainiatik eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik eratorritakoak izan dira. Zehazki, 12.220 bisitari iritsi dira Espainiatik, eta 3.165 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik. Espainiako turistak ez ezik, munduko beste hainbat txokotako bisitariak ere izan dira Loiolan. Europatik iritsitako 5.703 turista artatu dituzte Loiolako turismo bulegoan: Amerikako 1.904; Asiako 1.271, Australiako 117 eta Afrikako 127. 

Taldekako bidaia gehienak Asiako eta AEBko bidaiariek egin dituzte, eta datuen arabera, taldekako bisitarien turismoa erlijioari lotuta dago. Norbanakoen eskaria edo interesa bestelakoa da, horiek kulturari lotutako eskaintzaren aldekoak baitira gehienbat. 

Basazabaleko datuak

2019an Basazabal jauregiak turismoari lotuta izan dituen bisitak ere zenbatu dituzte dagoeneko. Abendura arte, guztira, 6.932 bisitari igaro ziren Basazabaletik. Horietatik 1.533 lagun igaro ziren taldean eta 2.321 izan ziren norbanako bisitariak. Basazabal ezagutzera joandako azpeitiarrak, berriz, 3.078 izan dira.