Jon Guridi Realera itzuliko da denboraldia bukatzean

Uztarria.eus 2020ko urt. 16a, 13:04
Jon Guridi artxiboko irudi batean.

Denboraldi honetan Espainiako Bigarren Mailako Mirandes taldean ari da jokatzen azpeitiarra, Realak utzita, baina 2019-2020 denboraldia bukatzean Donostiako taldera itzuliko da erdilaria. Guridik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "gustura" da etxera itzuliko delako, nahiz eta denboraldi "oso ona" egiten ari den Burgosko taldearekin.

Jon Guridi (Azpeitia, 1995) futbolaria Realera itzuliko da denboraldia bukatzean. Sasoi honetan Burgosko Mirandes taldean ari da jokatzen azpeitiarra, Realak utzita, baina 2019-2020 denboraldia bukatzean Donostiako taldera itzuliko da erdilaria. Guridik Uztarria.eus-i azaldu dionez, "gustura" da etxera itzuliko delako, nahiz eta denboraldi "oso ona" egiten ari den Mirandesekin. Atzo, adibidez, gola sartu zuen Guridik Cadizen aurkako Espainiako Bigarren Mailako partidan. 3 eta 1 galtzen iritsi ziren partidaren hondarrera Guridi eta bere taldekideak, baina luzapeneko minutuetan 3-3 berdintzea lortu zuten. "Izugarria egin genuen atzo, eta gustura nago", azaldu du azpeitiarrak. Mirandes sailkapeneko zortzigarren postuan da gaur-gaurkoz, eta Guridi oso lan ona egiten ari da taldean.

2019ko uztailean batu zen Mirandesera Guridi, talde horrek eta Realak egindako akordioari esker. Ordurako, baina, ondo ezagutzen zuen taldea azpeitiarrak; izan ere, 2018-2019 denboraldiaren bigarren zatian ere han jokatu zuen –Espainiako Bigarren Mailara orduan igo zen Mirandes–. Guridik Lagun Onaken hasi eta Realaren harrobiko taldeetan egin du futbol ibilbidea, eta 2017ko martxoaren 18an egin zuen debuta Realaren lehen taldearekin. Dena den, egun berean, min hartu zuen belaunean, eta geldirik egon behar izan zuen denbora batez. Lesioak tarteko, zazpi hilabete deialdietatik kanpo eman zituen Guridik. 2018ko martxotik futbol zelairik zapaldu gabe egon ostean, urte hartako urrian Reala B taldearekin zelairatu zen berriro. Eta ondoren Mirandesera joan zen azpeitiarra, Realak utzita.