Alex Aizpuru 'Kaxe'-k hiru urterako berritu du kontratua Ponferradinarekin

Uztarria.eus 2020ko urt. 15a, 12:57
Alex Aizpuru Ponferradinaren prentsa aretoan. (Ponferradina)

2023ra arte erdietsi du kontratua Leondo taldearekin. Azpeitiarra 2018ko abenduan iritsi zen Ponferradinara; hain zuzen ere, Espainiako Bigarren B Mailan zen taldea orduan, eta neguko merkatuan fitxatu zuen klubak Kaxe. Denboraldi hartan Espainiako Bigarren Mailara igo zen Ponferradina, eta ordutik maila horretan ari da lehiatzen taldea.

Alex Aizpuru Kaxe futbolari azpeitiarrak 2023ra arte luzatu du Ponferradina taldearekin zuen kontratua. Klubak eta aurrelariak joan zen azaroan erdietsi zuten kontratua hiru urtez luzatzeko akordioa, eta beraz, Leongo taldean jarraituko du datozen denboraldietan ere.

Azpeitiarra 2018ko abenduan iritsi zen Ponferradinara; hain zuzen ere, Espainiako Bigarren B Mailan zen taldea orduan, eta neguko merkatuan fitxatu zuen klubak Kaxe. Bahraingo Erresumako East Riffa taldea utzita batu zen Leongo taldera, eta 2018-2019 denboraldian mailaz igo zen Ponferradina. Ordutik, Espainiako Bigarren Mailan da Ponferradina, eta lan ona egiten ari da azpeitiarra. Leongo taldea sailkapeneko hamargarren postuan da egun, eta Kaxek hiru gol sartu ditu denboraldi honetan.

Hainbat taldetan aritu da azpeitiarra azken urteetan: 2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. 2018ko uztailean, berriz, Asiara egin zuen jauzi: Bahraingo Erresumako East Riffa taldearekin aritu zen hango Lehen Mailan, urte hartako abendura bitartean.