Dapa ikus-entzunezko erreportaje sortako zortzigarren atala: Xanti Agirrezabala

Uztarria.eus 2020ko urt. 15a, 12:08

Labetik atera berri dute Dapa ikus-entzunezko saioen bildumako zortzigarren bideo-erreportajea. Xanti Agirrezabala aktore azpeitiarra da Daparen zortzigarren ataleko protagonista. Agirrezabalak sorkuntzari lotutako hainbat gai izan ditu hizpide erreportajean, eta bere nortasunaz, bizitzaz, antzerki zaletasunaz eta sortu duen Satiro antzezlanaz mintzatu da. Satiro obraren sormen prozesuan nahiz estreinaldian hartutako irudiekin jantzi dute bideo-erreportajea Daparen sortzaileek. 

Dinamoa sormen gunea da Dapa proiektuaren habia, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak eman dio forma egitasmoari. Kultur sorkuntzaren asteazkeneroko zita bihurtzeko pronto jaio da Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak ekoiztu, Jalgik sustatu eta Fagorrek eta Tabakalerako 2deo Ikus-entzunezko Laborategiak babestutako proiektua. Yuri Agirrek, Ander Mujikak, Nora Alberdik, Iker Treviñok, Xabier Gantzarainek eta Aitor Bengoetxeak osatzen dute lan taldea.