Euskadiko bi txapel eta Espainiako selekzioarekin aritzeko txartela, Alaia Juaristirentzat

Uztarria.eus 2020ko urt. 14a, 16:39

Alaia Juaristi (Azpeitia, 2004) eskiatzaileak bikain ekin dio denboraldiari. Urteko lehen hitzordu nagusian, Baqueira Bereten (Katalunia), Euskadiko bi txapel jantzi ditu iraupen eskian eta 16 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin aritzeko txartela lortu du azpeitiar gazteak.

Joan den asteburuan, bai zapatuan patinatzaile estiloan eta bai igandean estilo klasikoan, 16 urtez azpiko Euskadiko txapelketak irabazi zituen Tolosako Uzturre klubarekin eta Neguko Kirolen Euskal Selekzioarekin lehiatzen den azpeitiarrak. Baqueira Bereten bertan, Espainiako Koparen lehen proba puntuagarria ere jokatu zuen Juaristik, eta hor lortu zuen Espainiako selekzioarekin lehiatzeko txartela: proba horretako sailkapeneko bi aurrenekoentzat zituzten gordeta txartelak, eta azpeitiarra bigarrena izan zen. Horrela, asteburu honetan Italian jokatuko den iraupen eskiko Skiri Trophy nazioarteko txapelketan parte hartuko du Juaristik Espainiako selekzioarekin. Italiako Castello di Fiemmen, Trentino eskualdean, jokatuko dute 37. aldiz Skiri Trophy-a, hilaren 18a eta 19an.

Iaz, bitan izan zen Espainiako txapeldun Juaristi: 16 urtez azpikoen iraupen eskiko Espainiako txapela jantzi zuen neguan, eta rollerskiko txapela, berriz, udan.