Agortu dira Immaculate Fools eta Jotakie taldeen kontzertuetarako sarrerak

Uztarria.eus 2020ko urt. 14a, 12:30

Bukatu dira Immaculate Fools eta Jotakie musika taldeek martxoaren 20an Sanagustin kulturgunean eskainiko dituzten kontzertuetarako sarrera guztiak. Kulturaz kooperatibak sare sozialetan jakinarazi du gaur, urtarrilak 14, emanaldirako sarrera guztiak agortu direla. Aurrez salgai jarritako txartelak bukatu diren arren, Kultur Bonoa duten herritarrek bonoa erabili ahalko dute martxoaren 20ko kontzertuetarako. Zuzenekoak 22:00etan hasiko dira.

Immaculate Fools 1984an sortu zen britainiar taldea da; folk arrastoak dituen pop-rock estiloa lantzen dute. 1985ean Immaculate Fools deituriko abestiarekin egin ziren ezagun, eta 1997an eman zioten amaiera ibilbideari, sei album argitaratu ostean. 2016an, ordea, taldeko lider Kevin Weatherillek musika talde birsortu zuen, beste musikari batzuekin. Jotakie taldea, berriz, 1980ko hamarkadan sortu zen taldea da, Euskal Rock Erradikalaren parte izan zena. Jotakie punkaren eztandarekin batera sortu zen Urola bailaran (Gipuzkoa), denborarekin euskarazko pop-rock talde bilakatu arte. Berezkoak eta bakarrak izan ziren Jotakieko musikariak abiadura eta haserrea kanporatzeko joera nagusi zen garaietan, doinu gozoak eta ezberdinak jorratzen baitzituzten. 1981etik 1990ra bitartean iraun zuen taldearen jardunak, baina azken urteotan eman izan dituzte noizbehinka kontzerturen batzuk, hala nola Azpeitiko Gaztetxean eta 2019ko saninazioetan. Orain, Sanagustingo oholtzara igotzeko prest daude. 

Jotakie 2019ko saninazioetan, Azpeitiko txosnagunean. (Alberto Beloki)