Azpeitiko xakelariek etxean ekingo diote taldekako Gipuzkoako ligari

Uztarria.eus 2020ko urt. 10a, 10:49

Bi talderekin parte hartuko du ligan Xaputarrak taldeak; bigarren mailan lehiatuko da bat eta hirugarren mailan bestea. Bihar jokatuko dituzte bi taldeek lehen jardunaldiko partidak, Baigera Ieko laugarren solairuan, 16:00etatik aurrera.

Asteburuan hasiko da xakeko taldekako Gipuzkoako liga eta azpeitiarrek etxean ekingo diote lehiari. Bi talderekin parte hartuko du ligan Xaputarrak taldeak: Domusa-Azpeitia A taldea ligako bigarren mailan lehiatuko da, eta Domusa-Azpeitia B taldea, berriz, hirugarren mailan.

Bihar arratsaldean izango dituzte lehen jardunaldiko norgehiagokak Azpeitiko bi taldeek, Baigera Ieko laugarren solairuan, 16:00etan hasita. Bigarren mailako taldekideek Olan Arkitektura taldekoen kontra jokatuko dituzte partidak, eta Urretxuko Goierri taldekoak izango dira hirugarren mailako Azpeitiko taldearen aurkariak.