Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko janari bilketa egingo dute zapatutik aurrera

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 18:15

Etzi, BM eta Sanjuandegiko Eroski supermerkatuetan jarriko dituzte produktuak jasotzeko guneak Khamar Sahararen aldeko elkartekoek. Datorren astelehenetik ostiralera bitartean, berriz, aste osoan martxan izango da bilketa herriko ikastetxeetan.

Etzi, zapatua, egingo da Euskal Herrian Sahararen aldeko aurtengo janari bilketa. Azpeitian ere izango da egitasmoan parte hartzeko aukera. Izan ere, Khamar Saharar Herriaren Aldeko Azpeitiko elkarteko kideak Sanjuandegiko Eroski eta BM supermerkatuetan egongo dira egun horretan, 10:00etatik 20:00etara, herritarrek Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko eman nahi dituzten janaria edota konpresak jasotzeko. Arroza, makarroiak, lekaleak –lentejak, babak, garbantzuak...–, azukrea, latako atuna eta konpresak dira, aurten ere, egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek eman ditzaketen produktuak.

Ikastetxeetan ere bai

Zapatuan, supermerkatuetan nola, datorren astean zehar herriko ikastetxeetan izango da Sahararako janari bilketan parte hartzeko aukera. Astelehenetik ostiralera jasoko dituzte Khamar elkartekoek saharar errefuxiatuei bidaltzeko lehengaiak ikastetxeetan.

Horrekin batera, ikastetxeetan motxilak ere jasoko dituzte datorren astean, Saharako errefuxiatuen kanpamendu bateko eskolan banatzeko.