Astelehenean itzuliko dira Azpeitiko pentsiodunak plazara

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 12:04
Pentsiodunen astelehenetako elkarretaratze bat, joan den irailean.

Mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute, Espainiako Gobernu berria osatzeko programa akordioan pentsioen gainean jasotakoa beren aldarrikapenetatik "oso urrun" dagoela iritzita. Horrela, hilaren 12an 12:00etan berrekingo diete asteleheneroko elkarretaratzeei.

Gabonak pasatuta, datorren astelehenean itzuliko dira Azpeitiko pentsiodunak herriko plazara, pentsio duinen aldeko aldarriarekin eta horien gainean dituzten proposamenak bete daitezen eskatzera. Horrela, hilaren 12an 12:00etan berrekingo diete asteleheneroko elkarretaratzeei. Izan ere, urte berriko lehen hitzorduaren atzetik mobilizatzen jarraitzeko asmoa dutela adierazi dute Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen Plataformakoek.

Espainiako Gobernu berria osatzeko PSOEk eta Podemosek hitzartutako programan pentsioen gainean hartutako konpromisoetan zenbait aurrepauso ikusten dituzten arren, "programa-akordio horren irakurketa sosegatuak eta objektiboak agerian uzten du", pentsiodunen hitzetan, akordioan jasotakoa beren aldarrikapenetatik "oso urrun" dagoela. "Gainera, promesak bete egin behar dira, eta ikusi zein epetan. Litekeena da %0,9ko igoera epe laburrean aplikatu ahal izatea. Baina LGSren igoera Toledoko Itunaren akordioei lotuta baldin badago, denbora beharko da, eta ikusteko dago zer zenbatekotan zehazten den eta nola aplikatzen den", azaldu dute Azpeitiko plataformakoek. Gobernu berriak pentsiodunen aldarrikapenei "arreta emateko eta aldarrikapen horiek bere gain hartzeko modu bakarra" da, plataformakoen esanetan, "mobilizazioekin jarraitzea".