300dik gora kantuko liburua

Urola Kostako Hitza 2020ko urt. 9a, 14:30
Kantujira taldeko kideak.

Azpeitiko Kantujira taldeak abestien liburuxka kaleratu berri du. Jasotako kantuen %95 euskal kantak dira. 500 ale atera eta salgai jarri dituzte, 5 euroan.

Azpeitiko Kantujira taldeko kideek abesti liburuxka kaleratu dute. 300dik gora abesti bildu dituzte argitalpenean; gehienak euskal tradiziotik jasotakoak dira, baina gaur egungoak ere badira tartean. Liburuxka osatuta eta argitaratuta, taldekideek jarritako erronka bete dutela diote, eta gustura daude emaitzarekin.

Liburuxka iaz taldelanean egindako lan mardularen emaitza da; hala azaldu du Maite Garmendia Kantujira taldearen batzordeko kideak: "Batzordeak iaz liburuxka osatzeko ardura hartu zuen, eta urte osoan zehar lan asko egin zen horretarako. Batzordeko kide batzuek dokumentazio lan handia egin zuten kantuak nork sortutakoak ziren jakiteko, nork abesten zituen... Azkenean, harro gaude egindako lanarekin, liburu dotorea da".

Kantura kalera ateratzen zireneko abestiak euskarri egoki eta eroso batean edukitzeko asmoarekin hasi ziren kantu liburuxka osatzeko ideiarekin lanean. "Kantujira taldeak urte mordoxka daramatza martxan, eta bileretan gustuko kantuak aukeratu ondoren, horien fotokopiak ateratzen genituen. Gero, taldean banatzen ziren kopiak eta koaderno handi batean jasotzen genituen. Azkenerako, ordea, koaderno hori baldarregia zen kalera ateratzeko, ez zen batere egokia", azaldu du Garmendiak.

300dik gora kantu bildu dituzte kaleratu duten liburuxkan. Euskal tradiziotik jasotakoak dira gehienak, baina baita gaur egungoak ere. Abestien %95 euskal kantak dira. Gaztelaniaz ere jaso dituzte batzuk eta katalanari, galegoari, okzitanierari eta aragoierari ere keinu txiki bat egin nahi izan diote liburuxkan. "Gero eta toki gehiagotara joaten gara kantura; esaterako, urtean hirutan-edo joan ohi gara abestera Eguneko Zentrora, San Martin egoitzara edota Loiolako jesulagunen zentrora. Euskal kantak ez direnak leku horietan bakarrik kantatu ohi ditugu; adibidez, Loiolan kanpotik etorritakoak ere badaudelako".

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.