Javier Ruiz de Larrinaga: "Pilotako argazkiak ateratzeko kirol hori ezagutu beharra dago"

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 11:30
Javier Ruiz de Larrinaga argazkilaria (Argazkia: Azpeitiko Argazki Elkartea)

Azpeitiko pilotariei ateratako 27 argazki jarri ditu ikusgai Javier Ruiz de Larrinagak Sanagustin kulturgunean. Urtarrilaren 6an jarri zituen argazkiak eta urtarrilaren 20ra bitartean egongo dira ikusgai. Irudiak azken bi-hiru urteetan pilotariei ateratako "ehunka edota milaka" argazkien artetik aukeratu behar izan dituela aitortu du Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak.

Sanagustin kulturguneak erakusketetarako eskaintzen duen espazioa kontuan hartuta, Azpeitiko pilotariei egindako 27 argazki aukeratu behar izan ditu erakusketa osatzeko Javier Ruiz de Larrinagak (Bargota, Nafarroa, 1951). Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak buruan zuen asmo bat gauzatu du erakusketa honekin: pilotalekuetan dabiltzan herriko pilotari horiei "omenaldi txiki bat" egitea. Herriko hainbat pilotari agertzen da erakusgai jarri dituen irudietan: "Egiguren, Alberdi anaiak, Uzkudun, Etxaniz, Larrañaga, Elosegi... Batik bat Herriarteko Pilota Txapelketako partidetan ateratakoak jarri ditut ikusgai". Erakusketako protagonistak pilotariak direla dio, "ez ni".

Noiz hasi zinen herriko pilotarien inguruko erakusketa osatzeko ideiarekin?

Mundu guztia ez da joaten pilotalekura, eta pilotan aritzen diren gazte horiek argazkietan islatuta ikus daitezen nahi nuen. Pilotariak dira irudietako protagonistak. Pilotan ibiltzen diren gazte horiei omenaldi antzeko bat egitea zen nire asmoa; jendeari ezagutarazi nahi nien haien pilota ibilbidea. Bi-hiru urte dira buruan neukan ideia hori lantzen hasi nintzela, eta ordutik ehunka edota milaka argazki atera ditut. Frontoi Txikia ez zitzaidan asko gustatzen argazkietarako, espazioagatik eta argiagatik. Ilunpeko pilotariak Izarraitz frontoian jokatzen hasi zirenean, gune horrek leku zabalagoa eta argi politagoa zeuzkala ohartu nintzen, eta hortik abiatu nuen buruan neukan ideia.

Gustuko duzun kirola izango da pilota, ezta?

Pilota ikustea asko gustatzen zait; betidanik izan dut gustukoa. Gainera, pilotari profesionalen partidak ikusten baino gehiago gozatzen dut afizionatuenekin; izan ere, afizionatuek bestelako gauza batekin jokatzen dute. Gainera, Azpeitian pilotarien harrobi ona daukagu.

Pilota partida askotan jarduten duzu argazkiak ateratzen. Honezkero herriko pilotariek ederki ezagutuko zaituzte.

Bai, bai. Bakarren batzuek argazkiak ere eskatu izan dizkidate, eta eman izan dizkiet.

Pilota partidetan argazkiak ateratzeak zer dauka berezia?

Ez da zaila pilotako argazkiak ateratzea. Hori bai, pilota mundua pixka bat ezagutu beharra dago. Jokoari aurrea hartu beharra dago; jokoa iristeko itxoiten bazaude, argazkia ateratzerako pasatu da jokaldia. Ez da zaila, ordea, argazkiak egitea. Izarraitz pilotalekuak oso argi polita eskaintzen du. Nik uste nuen hormak beltzak izanda zailagoa izango zela argazkiak ateratzea, baina ez da horrela. Argazkietarako, frontoi beltza berdea baino gehiago gustatzen zait.

Aurrera begira, beste asmorik bai?

Pilotako argazkiak ateratzen jarraituko dut. Horrez gain, Azpeitiko Argazki Elkartean ere aritzen naizenez, argazkilaritzari lotutako beste hainbat egitasmotan ibiliko naiz.